Berriro zabaldu da Sorginorratzak ekimenaren bigarren edizioan izena emateko epea

2026/09/03
Berriro zabaldu da Sorginorratzak ekimenaren bigarren edizioan izena emateko epea
Sorginorratzak, gaztetxoen kultur sormen laborategiak bigarren edizioa izango du 2026-2027 ikasturtean. Uztaileko lehen epearen ondoren, berriro zabaldu dugu izen-ematea ikasturte berriari begira azken plazak betetzeko: irailaren 20ra arte egongo da izena emateko aukera.

Azpeitiko hiru ikastetxeetako guraso elkarteetako ordezkariek abiatutako eskaintza herrikoia da Sorginorratzak. Kulturaz Kultur Kooperatibarekin elkarlanean eta Azpeitiko Udalaren babesarekin, herriko kultur dinamika oparoa babestea da proiektuaren helburua. Kultur sormen praktikekin gure gazteengana iritsi nahi dugu ikastetxeetako hezkuntza eskaintza osatu eta aberasteko. Sorginorratzak proiektuan, kultur edukiak eta eskualdeko sortzaileak herriko gaztetxoekin harremanetan jartzen ditugu, batera esperientzia aberasgarriak sortzeko.

2025-2026 ikasturteko emaitza oso positiboa izan zela ikusita, sormen eskaintzarekin jarraitu nahi dugu. Gaztetxoei kultur diziplina desberdinak probatzeko eta horiekin esperimentatzeko aukera eskaini nahi diegu. Bi talde osatuko dira eta saioak asteazkenetan izango dira: LH3-4koena (8-10 urte), 17:15etik 18:15era; eta LH5-6koena (10-12 urte), 18:30etik 19:30era. Dinamika bera jarraituko dute, diziplina desberdineko zortzi tailer landuko dira eta bakoitzean lau saio izango dituzte. Hitzaren, irudiaren, soinuaren eta gorputzaren eremuetan sortzeko, ikasteko eta jolasteko aukera izango dute.

Hemen duzue Sorginorratzak proiektuaren eskuorria. Plazak mugatuak dira!

IZEN-EMATEA

Aurreko ikasturteko irudiak hemen dituzue ikusgai:

 

Jarrai dezagun esperimentatzen, ikasten, jolasten eta elkarbanatzen!

Erantzuna gehitu