Bihar jarriko dira salgai 2021eko Kultur Bonoak

2021/03/25
Bihar jarriko dira salgai 2021eko Kultur Bonoak
Aurtengo Kultur Bonoa urte berezi honetara egokitutakoa izango da. Gainera, ikuspegi zabalago bat emango zaio; orain arteko kultur ekitaldietarako ez ezik, zinemarako eta kultur proiektuetan parte hartzeko ere balioko du bonoak.

Iaz konfinamenduak eragindako etena zela eta, 2020ko bonoa aurtengo martxoa amaiera arte luzatu zen. 2021eko bonoa, ondorioz, apiriletik urtea amaitu arte erabili ahal izango da, 9 hilabetez, hain zuzen ere. Erabilera-tartea laburtu izana Bonoaren eskaintza zabalduz eta prezioa jaitsiz orekatu nahi izan da.

Pasa den urteetako eskari handia ikusita, aurten bonoa nork erosi zozketa bidez ebatziko da. Zozketa bidez salgai jarriko den bono kopurua mugatua izango da. Martxoaren 26ko -ostirala- 19:00etatik 28ko -igandea- 23:59ak bitartean egongo da izena emateko aukera webgunean. Behin zozketa eginda, zozketatutako txartelak Sanagustin kulturgunean banatuko dira, 60€tan (ikasle eta langabetuek 30€, dagokien dokumentazioa aurkeztuta). Pertsona bakoitzak formulario bakarra bete ahal izango du.      

Behin zozketa eginda, bono ordaindu eta eskuratzeko Sanagustin kulturgunera joan beharko da, martxoak 30ean edo 31n -10:00etatik 12:00etara edo 17:00etatik 20:00etara-.

Kultur Bonoaren bidez, Sanagustin kulturgunean, Soreasu Antzokian edota Dinamoa sormen gunean antolatutako sarreradun ekitaldiez doan gozatzeko aukera eskaintzen da:

  • 10 kontzertu
  • 6 antzerki/dantza
  • Umeentzako 6 ikuskizun (heldu bat + ume bat)
  • 10 pelikula

Horrez gain, kultur proiektu edo ikastaroetan (Hitzaren Eskolan, esaterako) parte hartzeko deskontua ere eskainiko da Kultur Bonoarekin. Proiektuak aurkeztu ahala joango da Kulturaz kooperatiba xehetasunak ematen.

Osasun larrialdiak eragindako edukiera mugak direla eta, kultur ekitaldietan aurrez bonoarekin sarrera hartzea derrigorrezkoa izango da.

Webguneko agenda atalean bonoa erabili ahal den ekitaldiek ikur bat izango dute, bono jabeentzako jakingarri gisa.

Datozen hilabeteetako honako ekitaldi hauetara joan ahal izango da, besteak beste, Kultur Bonoarekin: Erik eta Win, Anne Lukin, Inmaculate Fools, Eneritz Furiak, Izadi, Iheskide (Orkatz kultur elkarteak antolatuta) eta abar.

Atzo -martxoak 24- arratsaldean egin den 2021eko Kultur Bonoaren aurkezpenean, Ainara Larrañaga Azpeitiko Udaleko zinegotziak eta Jose Luis Otamendi Kulturaz kooperatibako lehendakariak hartu zuten hitza:

 

Ainara Larrañaga (Azpeitiko udaleko zinegotzia): 

Urte berezi eta arraroa da aurtengoa. Arraroa bizi dugun egoeragatik, eta berezia aurten Azpeitiko kultur mugimenduak baduelako zer ospa. Duela 10 urte Sanagustinen irekierarekin inork gutxik amesten genuen gaur egun Azpeitiak duen kultur errealitatearekin. Gaur, kultura eta euskal kultura gure herriaren balio erantsia da, gure identitate seinua da kulturan dugun eredua eta mugimendua.

Baina esan bezala pandemiak kultura ere kinka larrian jarri du. Aurten inoiz baino gehiago kulturaren alde egitea dagokigu. Horretarako kultur bonoa izan daiteke tresna egokia. Kultur bonoarekin, herriko kultur eskaintza zabala herritarren esku-eskura izango da, eta txalotzekoa da Kulturaz kooperatibak horretarako egiten duen esfortzua. Bide honetan, jakina, udala beti izango da bidelagun.

 

Jose Luis Otamendi (Kulturaz kooperatibako lehendakaria):

Kultur Bonoa, herri mailan Azpeitiko Udalak eta Kulturaz Kooperatibak elkarrekin daramaten lanaren erakusgarri bikaina da. Urtero bezala, herritarrei kultura eskuragarri jarrita, kultura sustatzea da helburu nagusia. Herritar guztiei zabaltzen die bonoak aukera, noski, baina bereziki bestela aparteko erraztasunik ez dutenei, eragozpenik gabe kultura gozatzeko bideak arindu nahi dizkie. 

Kulturak, izango bada, herritarren arnasa behar du etengabe, eta bonoak ere, komunitate ikuspegitik, bizi garen gariara egokitzeko gaitasuna erakutsi nahi du. Zortzigarren urtea beteko du aurten, denon ahaleginari esker, gutxienez beste hamaika bizitzeko gai izan nahi genuke.

 

Erantzuna gehitu