Bihar jarriko dira salgai 2024ko Kultur Bonuak

2023/12/13
Bihar jarriko dira salgai 2024ko Kultur Bonuak
Bihar, abenduak 14, arratsaldeko 19:00etan irekiko da 2024ko Kultur Bonua erosteko aukera, kulturaz.eus webgunean.

2013an hasi genuen ekimen honek 12. urtea betetzen du eta oso harrera ona izan ohi du urtero herritarren artean. Bonuak 90€ko kostua izango du eta kooperatibak, Azpeitiko udalaren laguntzaz, ikasle, langabetu eta pentsiodunei %50eko deskontua egingo die, beharrezko dokumentazioa aurkeztuta.

2024ko bonua digitala izango da, Kulturaz app-aren bidez. Bertan, Kultur Bonoaren kodea izateaz gain, erabileraren jarraipena emateko aukera egongo da.

Kultur Bonuaren bidez, Sanagustin kulturgunean, Soreasu Antzokian edota Dinamoa sormen gunean Kulturaz Kooperatibak antolatutako sarreradun ekitaldiez doan gozatzeko aukera eskaintzen da:

  • 10 sarrera KONTZERTUetarako
  • 10 sarrera FILMEetarako
  • 6 sarrera ANTZERKI/DANTZA ekitaldietarako
  • 6 sarrera HAURREN IKUSKIZUNetarako
  • TAILER eta IKASTAROetan parte hartzeko deskontuak

Kultur Bonu bakoitzarekin ekitaldiko bi sarrera (gehienez) hartu ahal izango dira (bi erabilera gisa zenbatuko da). Ekitaldi guztietarako sarrerak aurrez hartu beharko dira kulturaz.eus atarian.

Diziplina desberdinetako ekitaldi ugariz osatutako urte oparoa izango da 2024a. Horien berri kulturaz.eus atarian eskuratu daiteke. Datak gerturatu ahala joango gara ekitaldi gehiagoren berri ematen.

Kultur Bonua izan da herritarrei kultura eskura jarri eta kultur komunitatea indartzeko tresnetako bat. Azken urteotan kulturzale berriak sortzeko estrategiak diseinatzen dihardugu; kulturak etorkizunik izango badu ezinbestekoa da dugun ikuslegoa indartu eta belaunaldi berriak erakartzea.

Erantzuna gehitu