Elikagunea: Kontsumo eredua eraldatuz

2017/11/23
Elikagunea: Kontsumo eredua eraldatuz
Artxara Kooperatiba Elkarte Txikiak kudeatuko du Azoka Plazako Elikagunea eta proiektua herriratzeko bazkidetza kanpaina abiatu dute. Euskal Herriko elikagaien topagunea izan nahi du Elikaguneak, kontsumo eredua eraldatuz lehen sektorea indartu nahi duen proiektu kooperatiboa, eragile eta herritar ezberdinen elkarlanean oinarritua. Eta guk hor egon nahi dugu.

Kulturaz kooperatiba sortu genuenean bertako produktuen kontsumoa kontuan hartzea jarri genuen ostalaritzaren ardatzetan. Eta bateko zein besteko funtzionamenduak ditugu martxan bertako baserritarrekin. Orain, herritar batzuk proiektu interesgarri hau jartzekotan dira hementxe, gure aurrean, plazan. Haiekin harremanetan gabiltza Euskal produktuak sustatzeko bidean indarrak bat egiteko. Betiko moduan, elkarlana bilatuz. Momentuz, bazkidetze kanpaina jarri dute abian www.elikagunea.eus webgunean.    

Zer da Elikagunea? 

"Euskal Herriko elikagaiak sustatuz eta kontsumo eredua eraldatuz, lehen sektorea indartu nahi duen proiektu kooperatiboa da.

Azpeitia zentro bezala hartuta 150 km-ren bueltan ekoizten diren elikagaiak soilik bilduko dituen gunea, heziketa gunea, dastaketa gunea, sukaldea, Basque Label harategia eta janari dendak osatua.

Elikaguneak eskaintzen dituen baliabideak baliatuz, lehen sektorea indartu eta landa-eremua mantentzea helburu duen proiektua da. Azoka plaza bizia, dinamikoa eta irekia izatea dute asmoa, herrian ez ezik, eskualdean ere gune erreferentziala izango dena, eta nola ez, Euskal Herrian helburu berdinak dituzten antzeko proiektuen bidelaguna.

Landa eremua eta herrigunearen arteko harremanak sendotuko dituen proiektua da. Baserria eta kalearen arteko elkargunea izango da, ekoizle eta kontsumitzailearen arteko zubiak sendotzea bultzatuz.

Elikadura osasuntsurako eskubidea ziurtatu nahi dugu bertako elikagaiak prezio eskuragarrian eskainiz eta sustatuz, bertako ekoizleen lana errentagarri bilakatuz eta lanpostu duinak sortuz eta etorkizuneko landa eremu bizi bat bermatuz".

 

 

Erantzuna gehitu