Entzumen irisgarritasuna hobetzeko sistema martxan da Soreasu Antzokian eta Sanagustin kulturgunean

Audifonoak edo inplante koklearrak dituzten pertsonek erabil dezakete begizta magnetikoa. Sistema horrek soinua zuzenean bidaltzen die audifonoei, seinale magnetikoen bidez, horren ondorioz, atzealdeko zarata ezabatu edo murriztu egiten da. Hortaz, soinu garbia entzun ahal izango dute aparatuetan entzumen arazoak dituztenek.
Azpeitian eskuragarri egongo dira sistema finkoa, mugikorra eta mahai gainekoa. Sistema finkoaren instalazioa Kulturaz Kultur Kooperatibak kudeatutako honako bi espazio hauetan aurkitu daiteke: Sanagustin kulturgunean eta Soreasu Antzokian. Sistemaz baliatu nahi duten herritarrek espazio horietan aurkituko dituzte begizta magnetikoaren planoak.
Instalazio finko horri esker, audifonoa edo inplante koklearra duten pertsonek nahikoa dute bi eraikin horietara joan, ikusi zein eremutan dagoen egokituta begizta magnetikoa (karteletan adierazten da), eta T motan jartzea audifonoa edo inplantea. Soreasun, esate baterako, 30 bat aulkiko eremua gorde da entzumen urritasuna dutenentzako.
Espazio horietaz gain, leku publikoetan entzun ahal izateko gailu mugikorrak eta mahai gainekoak ere eskuragarri jarri ditu udalak. Hemendik aurrera, kontzertuez, hitzaldiez, zinemaz eta abar gozatzeko erraztasun handiagoak izango dituzte entzumen urritasuna dutenek.