Gatibu, Willis Drummond eta Ene Kantak, 2017ko lehen irargapenak

2016/11/10
Gatibu, Willis Drummond eta Ene Kantak, 2017ko lehen irargapenak
2017ko egitaraua lotzen hasita gaude. Aurreko asteburuan aurerratu genuen lehendabiziko kontzertua; Gatibu. Beste bi iragarpen dituzue, berriz, gaurko honetan primizian: Ene Kantak-ek eta Willis Drummond; biak urtarrilean.

Urte hau konturatzerako bukatuko zaigu. Azkar joaten zaizkigu urteak, egia aitortu behar badugu. Zerikusia izango du bi egunetik behin ekitaldi bat izateak sentsazio hori izateko; beti dugu zerbait aurrera ateratzeko, beti ekitaldiren bat prestatzeko; beti bizkor egon behar. Batzuetan besteetan baino egokiago ateratzen zaizkigu gauzak, baina ahalegintzen gara ahalik txukunen egiten. Oraindik ere hainbat ekitaldi geratzen zaizkigu abendua amaitu aurretik: Olatz Zugasti, Soziedad Alkoholika, Shine Again, Azpeitiko Musika Bandaren kontzertuak, Juan Antxieta Musika Eskolarenak, hitzaldiak, erakusketak, zinea...

Baina aurrera begira egotea ere gure eginkizunetako bat da. Hori dela-eta, datorren urterako programazioarekin hasita gaude, berriro ere ekitaldi interesgarrienak ekartzeko asmotan. Datozen asteetan joango gara botatzen batzuk, baina dagoeneko aurreratu dugu bat. Gaur egun gurean punta-puntan dagoen taldea da Gatibu. Talde bizkaitarrak disko berria aterako du Durangoko Azokarako Aske Maitte, Aske bizi izenarekin. Oraindik diskoaren gaineko berri handirik ez du eman, baina argitaratu duena 2017ko bira izan da eta Gipuzkoako kontzertu bakarra izango da Azpeitian emango duena. Maiatzaren 13an izango da. Sarrerak euren plataformatik jarri dituzte saltzen (han bakarrik egongo dira momentuz eta gure agendan sartuta eskura daitezke). Dagoeneko saltzen hasita daudela esan digute.

 

Urtarrila indartsu 

Beste bi ekitaldi aurreratzen dizkizuegu gaur harpidetza bitartez. Bata gaztetxoei zuzendutakoa. Aurrez ere izan genituen hemen gure lagun nafarrak eta oraingo honetan lan berriarekin izango ditugu berriro. Gogoz daude gainera. Lehen ere Soreasu Antzokia betetzea lortu zuten eta berriro egiteko irrikitan daude. Ene Kantak-ekoek Astonauta aurkeztuko dute Soreasun. Bideo pila bat atera dituzte kanta berriekin, beraz, dantzak ikasten jartzea dugu hoberena urtarrilaren 7ko ikuskizunerako ikasita izateko.

 

Eta urtarrilean izango dugun beste ekitaldian ere lan berria aurkeztuko digute. Willis Drummond taldea izango dugu bisitan, hilaren 21ean. Zuzeneko indartsua duela erakutsi izan digute birritan Sanagustineko oholtza gainean. Oraingoan ere, ilusio horrekin egongo gara zain. Tabula Rasa disko berriko kanta duzue hau: Athabasca

 

 

Erantzuna gehitu