Grafiaz Betearen bigarren edizioan izena-eman daiteke jada

2023/08/28
Grafiaz Betearen bigarren edizioan izena-eman daiteke jada
Irudia tresna potentea da, izugarri indartsua, eta irudiaren ahalaz gogoeta egitea tokatzen zaigu, baina baita irudiaren azalaz ere: nola egiten da irudi bat, nola eraikitzen, nola irakurtzen, zer ikusten dugu hor…

 

Mundua idazteko erabiltzen diren grafia guztiak aintzat hartuta Grafiaz Betearen bigarren edizioa antolatu du Kulturaz kooperatibak bigarren urtez, taldean, elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko, giro onean, eskura ditugun hainbat eta hainbat grafia erabilita.

Ikasturte honetan ere sei saio egingo dira, eta saio bakoitzean grafia bat hartuko dute ardatz: stencil-a, serigrafia, animazioa, risografia, fotografia eta grafitia. Saioak Dinamoan izango dira eskuarki, inoiz kanpora irtengo badute ere. Saioak hileko azken ostegunetan izango dira, 18:00etatik 20:00etara.

Lehen saioan stencil-a landuko da, irailaren 28an -osteguna-, 18:00etan. Patxi Juaristi azpeitiarrak gidatuko du stencil modura ezagutzen den txantiloi bidezko margoketa-teknikaren tailerra. Bere lanak ezagutu eta kale artean izandako esperientziak partekatzeko aukera izango da lehen saioan.

Ikasturteko matrikulazioa egin daiteke -300€- eta baita saio bakoitzekoa ere -30€-. Ikasturteko izen-ematea dinamoa.eus webgunean egin daiteke. Bertan dago tailerraren xehetasunak eskaintzen dituen dokumentua ere. Edozein zalantza izanez gero, idatzi dinamoa@dinamoa.eus helbidera.

 

Erantzuna gehitu