Hasi da Arkupehotsak egitasmoaren zortzigarren edizioa

2026/02/09
Hasi da Arkupehotsak egitasmoaren zortzigarren edizioa
I6, Hartzak Zeruan, White Carters eta Maider Cigarroa izango dira 2026ko Arkupehotsak egitasmoko protagonistak. Martxoaren 14an izango dute egun osoko formakuntza saioa, teknikoa zein artistikoa.

Txoko ezberdinetatik datoz eta musika estilo ezberdinak lantzen dituzte. Beste behin, Arkupehotsak egitasmoak erakutsi digu Euskal Herriko panorama musikala oso anitza dela. Aurtengo musikari hautatuek Dinamoa sormen guneko soinuaren eremua erabiltzeko aukera izango dute, bertan entseatu eta zuzenekoa prestatzeko. Formakuntza saioan, berriz, musikari baten ibilbiderako garrantzitsuak diren aholku, irizpide eta ezaugarri teknikoak ikasiko dituzte. Egitasmoari amaiera emateko, ekainaren 13an, emanaldi kolektiboa eskainiko dute Azpeitiko plazan.

Aurtengo protagonistak

  • i6: Elorrioko Izeiren proiektu pertsonala da. Dagoeneko 2 diska kaleratu ditu, instrumentu denak berak grabatuta, eta hirugarren bat prestatzen ari da. Euskaraz abestutako kantak zein instrumentalak konposatzen ditu. Hainbat estilo jorratzen ditu, baina gehienbat rock musika lantzen du.
  • Hartzak Zeruan: Arakil bailarako Hiriberrin sortutako PowerDuo-a gara Hartzak Zeruan.  Biok, Aitor eta Alain, 2024ko udan zerbait jotzeko gelditu eta pixkanaka gustua hartzen joan gara bikote izateari. Hor hasi zen Hartzak Zeruan taldearen hazia. 2025ean 6 abestiz  (6 alez) osatutako lehen EP grabatu dugu, Bidean deitzen dena. Diska aurkezpen hainbat kontzertu jo ditugu eta lehiaketetan sailkatuak izan gara, besteak beste, Villasound 2025 finalista, Herri urrtaseko maketa lehiaketan finalista eta gazteako maketa lehiaketan aurrefinalista.
  • White Carters: Musika beltzan oinarriturik eta gaur egungo Funk Soinuaz bultzatuta, White Carters euskal musika eszenan bere izaera apartekoa islatzera dator. Energia bereizgarri batekin sendotuta, publikoa Funk, Soul eta R & B-aren benetako soinura hurbiltzea dugu helburu, gure konposizio propioekin generoaren groove eta kanta ikonikoen espiritua bilatuz.
  • Maider Cigarroa: Maider Cigarroa Iparraldetik datorren abeslari eta konpositorea da. Bere bakarkako proiektuan, transmisioa, memoria eta belaunaldien arteko loturak lantzen ditu, bereziki emakumeen arteko transmisioan arreta jarriz. Ahotsa, erritmoa eta gorputza dira bere sorkuntzaren ardatzak, keinu eta lotura ikusezinak azaleratzeko. Zuzenekoa giro intimo eta erritmikoan pentsatua dago, kolektibotasunaren eta entzute partekatuaren inguruan eraikia.

Formakuntza saioa

Martxoaren 14an izango den formakuntza saioan elkar ezagutu eta jakintzak elkarbanatzeko aukera izango dute. Formakuntza artistikoan musikari profesionalen testigantzak entzungo dituzte eta ekoizleen lana zertan datzan ezagutuko dute. Formakuntza teknikoa, berriz, Kulturaz Kultur Kooperatibako langileekin egingo dute, benetako kontzertu baten soinu frogan egongo dira eta teknikoen aholkuak entzungo dituzte.  

 

Erantzuna gehitu