'Herriye' eta herritarrak protagonista izango dituzten Euskal Antzerki Topaketak prest dira

2022/10/24
'Herriye' eta herritarrak protagonista izango dituzten Euskal Antzerki Topaketak prest dira
Indarberrituta eta garaira egokitzeko apustu sendoa egin da aurtengoan. Azken urteotako itxura aldaketari, sarerako saltoa gaineratu behar zaio aurtengoan. Hala, www.antzerkitopaketak.eus helbidean euskarazko wikipedian eta sare sozialetarako saltoa eman du ekimenak.

 

Hasiera indartsua eta herrikoia izango dute topaketek. Herriye azpeitiar antzerki zaleek osatutako lana taularatuko da azaroaren 1etik 4ra bitartean, Sanagustin kulturgunean. Lau emanaldi izango dira guztira; egunean bat. Guztira, haur eta helduentzako 11 antzezlan izango dira ikusgai; horietatik azaroaren 1etik 20ra bitartean; tartean, Herriye herri antzerkia, Zeozertan dabil, baina ez dakit zertan eta Intxaurra lanak estreinatuko dira. Ostegunetik igandera bitarteko emanaldiez gain, azaroaren 14tik 16ra bitartean, eskola antzerkiaren baitan 7 emanaldi izango dira herriko txikienen artean antzerkizaletasuna sustatzeko helburuz. Aurtengoan ere, Corrado Masacciren txontxongilo erakusketak ere ez du hutsik egingo eta azaroaren 1etik 15era bitartean izango da ikusgai Betharrametako udal erakusketa aretoan.

Antzerki Topaketak Azpeitiko Udalak antolatzen ditu, eta Kulturaz eta herriko antzerkizaleak ditu bidelagun. 

Heldutasunera iritsira, azken urteotan pixkanaka eman den aldaketaren baitan jauzia ere eman dute topaketek. Aurtengoan, sareratzeari eman zaio garrantzia eta horretan jarri dira indarra eta baliabideak. Hala, www.antzerkitopaketak.eus webgunea martxan dago. Bertan, topaketen inguruko informazioa, egitaraua eta sarrerak erosteko gunea aurki daitezke. Sare sozialetarako saltoa ere emango da gaurtik aurrera. Sarrerak bertatik erosteaz gain, aurrez aurre Sanagustin kulturgunean erosteko aukera ere izango da. Helduentzako sarrera 10€koa izango da eta haurrena 5€koa. Eta aurtengoan, emanaldi guztietarako balioko duen bonoa ere jarri da martxan.

Bonoan 30€ko prezioa du eta saio guztietara joateko aukera ematen du. Bonoa sarrerak bezala webgunearen bidez edo Sanagustinen eros daiteke. Bonoa dutenek, emanaldiaren aurretik sarrera eskuratu beharko dute.

 

 

Erantzuna gehitu