Igeri

2025/10/27
Igeri
(Hil-eresia Xabierrentzat)

izar talde bat zabal-zabal
ezkur jaten ari da zelaian

hosto artean daude bildurik
mende honen arnasa eta
injustizia intimo askoren normaltasuna

orriek itsatsirik dituzte
ilunabarreko paisaiak:
zeru arrosa tarratatua,
zigarro ke seinale bidez
belarrira esandako txorien mezuak

gure beso artean kabitu ezin duen
munduaren parte inportante horretan
ulu egiten du elur bisutsak
izan ez genituen haurren ahotsaz

denbora aztoratu egin da organo guztietan
agian egokitzen ari delako udazkena
arima urratu berrietara
(niri orina atera zait pozaren ertz batean)

urtu egin da guk inoiz oinekin
idazten genuen elurra
eta pauso arrastoen kaosari hain eder irizten diogu
fereken atlas bati bezain

arren ez epaitu zelulak
epaitu gabe lagundu emandako urratsei
urpetik begira ditugunen pentsamenduei
epaitu gabe saiatu zuzentzen oker doazen hodeiak

itsasoa kolpeka ari da nor garen galdetu gabe
gugatik ezin dio askorik inporta,
kosta hegian
haur negarrik entzungo ez den urtarorako
prestatzen ari dira lurra
lili horiak

ikusi ausentzia inbasore hau nola sartu zaigun
so urrun fidakaitzez gorputzean
ikusi nola aurreratzen dituen autoak
ikusi nola ahantzi dituen gainerako hitzorduak
(partitzeko zain lasai dago jendea
nire bakardadearen nasan)

oraindik
isiltasuna handi egiten denean
entzuten da zure igeri hotsa
eta gaua uhinak eratu nahian
bere bazterren bila, ezinean
(bizirik zinenean bezala)

 

Jose Luis Otamendi 

Erantzuna gehitu