Ilusioz ateratzen dugu; iritsi da Kultur Bonoa

2016/11/25
Ilusioz ateratzen dugu; iritsi da Kultur Bonoa
Bosgarrenez aterako dugu bonoa. Dagoeneko eskura daiteke Sanagustin kulturgunean. Herrian dgun eskaintza anitzari eta handiari erantzuteko modu xume bat da; txarteltxo txiki bat, baina balore handikoa gure ustetan.

Aurreko urteetako helburu eta ezaugarri berberekin jarraitzen du Kultur Bonoak. 2017a gerturatzen ari zaigun honetan, ikusi du argia bono berriak.

Kulturak balore asko dituela konbentzituta egiten dugu lan; baloreak eta balioak; balio hezitzaileak esaterako, baina balio ekonomikoa ere badu eta hori ere baloratu egin behar da. Kultura ez da denborapasarako gehigarri bat bakarrik; kulturak ekonomian eragiten du eta askoren lanbidea ere bada. Gu geu gara horren adibide, Kulturaz Azpeitiko Kooperatiba. Kultumetria izeneko azterketan ateratako emaitzen arabera, kooperatibak 25 pertsonei eman die lana eta ekonomian edukitako eraginak 23 lanpostu berri sortarazi ditu inguruan, horietatik 4 lanpostu bigarren sektorean eta 18 hirugarrenean (2011-2015 urteak aztertuta ateratako ondorioak dira). Kulturatik bizitzea zaila da eta hori artista guztiei entzungo diegu. Kulturatik baino, guk kulturarekin bizi nahi dugu, eta horregatik ateratzen dugu ilusioz Kultur Bonoa.

Kultur Bonoa Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren ekimena da eta Udalak ere parte hartzen du. 2017an zehar antolatuko ditugun kontzertu, dantza, antzerki eta jaialdietarako abantailak eskaintzen ditu. Orain arte bezala, ikuskizunetan aniztasunari eutsiz jarraituko dugu guztion gustuko gauzak ekartzen saiatuz, aniztasuna eta orekak kontuan izanik. Bonoarekin erabiltzaileari erraztasunak eman nahi dizkiogu, ahalik emankizun gehienetara joateko.

Salgai dago datorren urterako bonoa, eta iazko ezaugarri berak izango ditu txartelak, eta 60 euroren trukean eskuratu daiteke Sanagustin kulturgunean. Dena den, langabetuek, jubilatuek nahiz Gazte txartela dutenek %50eko deskontua izango dute, beraz, 30 euroren trukean erosi ahal izango dute. Ohi bezala, salgai jarriko den bono kopurua mugatua izango da.

Hemen bonoaren inguruko zenbait argibide eta datu:

Bonoaren helburuak

- Kultur ekitaldien kontsumoa sustatzea eta handitzea.

- Azpeiti mailako kontsumoa bultzatzea, jendea herrian gera dadin edo hona etor dadin.

- Herritarrek bonoaren bidez abantaila ekonomikoak izatea.

Bonoaren ezaugarriak

- Urteko bonoa izango da, alegia, 2017koa.

- Transferiblea da. Ez du izenak pisurik, jabeak garrantzirik, zenbakiak baizik. Txartelak numeratuak dira eta hori da kontrolatzen dena, txartel zenbaki horren erabilera kopurua.

- Txartela derrigor aurkeztu behar da erabiltzeko.

- Urteko prezioa 60 eurokoa da (iazko bonoaren berezko balioa 175 bat eurokoa izan zen).

- Langabetuek, jubilatuek, Gazte txartel jabeek eta ikasle txartel jabeek %50ko deskontua izango dute. Beraz, 30 eurotan eskuratu ahal izango dute.

- Ekitaldien kontsumoa agortuz gero beste bat eros daiteke. Aurretik ez. Norbanako bakoitzak txartel bat izango du, gehienez.

- Salduko den txartel kopurua mugatua izango da, eta Sanagustin kulturgunean salduko dira.

- Txartela dutenentzat sarrerak erreserbatu egingo dira zutikako ekitaldietan. Sarreran bonoa erakutsita, orduan jasoko da sarrera. Baina bestelakoetan ez da erreserbarik egingo eta lehenago eskuratu beharko dira sarrerak; hori bai, deskontuarekin.

Eskaintza

Hauexek dira kultur bonoarekin lor daitezkeen abantailak:

- 8 kontzertu doan. Nahi diren kontzertuak.

- Antzerki edo dantzako 4 ikuskizun %50eko deskontuarekin.

- Jaialdi eta Topaketak (Antzerki Topaketak eta sor daitezkeenak) %50eko deskontuarekin.

- Umeentzako ikuskizunak doan (ume bat + heldu bat).

Eskuratu eta erabili txartela!

Erantzuna gehitu