Jada zabalik dago Arkupehotsaken hirugarren edizioaren izen-ematea

2019/06/27
Jada zabalik dago Arkupehotsaken  hirugarren edizioaren izen-ematea
Arkupehotsak egitasmoaren hirugarren edizioa aurkeztu du Kulturaz kooperatibak Sanagustin kulturgunean eskaini duen agerraldian. Bertan, bigarren edizioan kontzertua jo zuten taldeen artetik eszenatoki handian jotzeko eta bideoklip bat grabatzeko hautatuak aurkeztu dituzte; 'Deus Ez' eta 'Passepartout' taldeak, hurrenez hurren.

Beste urte batez abian da sortzaile berriak bultzatzeko Kulturaz kooperatibak garatzen duen ekimena. Aurreko edizioetatik ikasitakotik abiatu eta soinu berrien plaza eraginkortzeko, zenbait egokitzapen egin dituzte. Besteak beste, izen-emate epea irekia izango da -data kontuan hartuko bada ere-, kontzertuen promozio bideoak grabatuko dira, eta, lehengo hedapen bideez gain, kontzertuetako bideoak Hamaika Telebistan ere eskainiko dira. Egitasmoan interesa duenak izen-emate orria bete beharko du.    

Bigarren edizioan jotako taldeen artean, Deus Ez taldea hautatu dute eszenatoki handian bigarren kontzertu bat jotzeko. Passepartout taldeak, berriz, bideoklip bat grabatzeko aukera izango du ArkupeHotsak egitasmoaren bidez. 

Arkupehotsak egitasmoak laguntzaile ditu Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Bidelagun ditu, berriz, Badok ataria, MusikaZuzenean eta Hamaika Telebista

Aurrekariak

Hasieratik, 2011tik, sortzaile berriei babesa eskaintzea izan da Azpeitiko kultur mahaiaren kooperatibaren xedeetako bat. Horregatik, urte hauetan modu desberdin askotan gerturatu gara sortzaileengana eta luzatu diegu eskua gure baliabideen bitartez euren lanari bide emateko (kontzertuak, grabaketak, erakusketak, antzerki sormen egoitza programa…).

Arkupehotsak ontzerako garaian azken urteotan jorratzen gabiltzan bi osagai garrantzitsu uztartu genituen. Batetik, eduki gisa, kultur jarduna modu integralean jorratzeko nahia eta  kasu honetan musikaren alorra bere zentzu eta adierazpenik zabalenetan lantzeko ahalegina. Horregatik, programazioaz gain, sentsibilizazioaz, sormen prozesuetaz, publiko berrien sustapenaz eta formazioaz ere ari gara hizketan. Bestetik, baliabide edo egitura-osagai gisa, “Arkupea” oholtza. 2015ean hasi ginen Sanagustin kulturguneko aldameneko arkuan eszenatoki formatu berri bat atontzen eta sortzaile berriei plaza eskaintzen. Formatu honek gertutasun gehiagorekin eta modu dinamikoagoan musika, antzerki edo bestelako kultur adierazpenak plazaratzea ahalbideratzen digu. Orain, gainera, eszenatoki finkoa jarri dugu arkupean.

Beraz, aipatutako bi osagai nagusi horiek uztartuz, orain artean eginiko lana balioan jartzeko asmoz eta ekimenari forma zehatzagoa eman nahian, Arkupehotsak ekimenaren hirugarren edizioa martxan jartzera goaz.

 

Arkupehotsak 

Helburuak:

  • Musika sortzaile berriei nahiz garatze bidean dauden musika proiektu berriei plaza duin bat eskaintzea.
  • Herriko, eskualdeko eta oro har Euskal Herriko sortzaileen dinamika aktibatzea.
  • Euskarazko sorkuntzarako baliabideak  jarri eta euskal musikari hedapena ematea.
  • Musika sortzaile berrien erreferentzia puntu bat izatea.
  • Inguruan ditugun sortzaileak balioan jarri eta euren jardunerako tresnak eskaintzea.

Ezaugarriak:

  • Deialdia. Funtzionatzeko modua deialdi bidezkoa izango da. Urtean bi deialdi izango dira, bata ekainean eta bestea azaroan.
  • Izen-emate epea irekia izango da, hau da, ez da epemugarik egongo. Baina hautaketan kontuan hartuko da izen-emate data.
  • Parte hartzeko modua. Izena emateko www.kulturaz.eus webgunean jarriko dugun izen-emate orria bete beharko da.
  • Maiztasuna. Sanagustin kulturguneko programazioaren baitan modu jarraian izango dira kontzertuak, irailetik ekainera.
  • Kontzertuak. Asteburutan izango dira (ostiralean, larunbatean edo igandean) eta doako sarrera izango dute.
  • Zabala. Euskal Herri osoko taldeen plaza izango da.
  • Euskara. Abesten den hizkuntza edozein izanik ere euskarak lehentasuna izango du aukeratzerakoan.
  • Ez da lehiaketa, sormena bultzatzeko aukera edo laguntza baizik.
  • Hautaketan kontuan izango dira gazteen proposamenak, proposamen berritzaileak, musika adierazpen anitzak eta parekidetasun irizpideak, besteak beste.

Baldintzak / eskaintzen dena:

  • Kulturaz kooperatibak deialdiaren baitan aurkeztutako taldeen artean aukeraketa bat egingo du.
  • Aukeratuak izango diren taldeei kontzertua emateko abagunea, ekipamendu osoa, afaria eta promozioa eskainiko dizkiegu. 
  • Taldeen bidaia gastuak ordainduko dira.
  • Kulturaz kooperatibak aukeratutako talde edo bakarlari horien proposamenen hedapena egingo du euskarri desberdinetan (kartelak, elkarrizketak, sare sozialak, prentsa...).
  • Gainera, talde bakoitzaren kontzertuko abesti batekin zuzeneko bideoa grabatuko dugu. 
  • Kontzertu bakoitzaren argazki album bat egingo dugu.

Baldintzak / eskatzen dena:

  • Deialdiaren orria egoki betetzea.
  • Talde hasi berria edo garapen bidean dagoen proiektu musikala izatea.
  • Aurrez aipatutako baldintzak onartzea.
Erantzuna gehitu