Jada zabalik dago Arkupehotsaken laugarren edizioaren izen-ematea

2020/11/04
Jada zabalik dago Arkupehotsaken  laugarren edizioaren izen-ematea
Ezohiko aro honetan doinu berriak ezibestekoak direlakoan, musikari berriei plaza bat eskaini nahi die ekimenak.

Galdera ugari eta erantzun argirik gabeko garai honetan kultura sortzea eta gozatzea segurua ez ezik osasungarria ere badelakoan gaude. Sortzaile askok hilabeteak daramatzate eszenatokira igotzeke, are gehiago talde txikien kasuan. Baina txikitik egiten den inurri lana izaten da funtsezkoena. Eszenaren iturririk aberatsena da, anitza, gertukoa eta muinetik sortutakoa delako.  Eta, ez idortzeko, mimoz zaindu beharra dago. 

Badakigu egoera dela eta lan gehiago ekarriko duela ekimena garatzeak, pazientzia eta indarra beharko ditugula, baina Sanagustingo arkupea soinu berrian plaza izaten jarraitzea nahi genuke. Aurreko edizioan bezala, izen-emate epea irekia izango da -data kontuan hartuko bada ere-. Egitasmoan interesa duenak izen-emate orria bete beharko du. Talde bakoitzari zuzeneko abesti bat grabatuko diogu. 

Arkupehotsak egitasmoak laguntzaile ditu Azpeitiko Udala, Laboral Kutxa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Bidelagun ditu, berriz, Badok ataria, MusikaZuzenean eta Hamaika Telebista

Gainontzeko kultur ekimen guztien gisan, kontzertuetan beharrezko babes-neurri guztiak hartuko dira.  

 

Helburuak:

  • Musika sortzaile berriei nahiz garatze bidean dauden musika proiektu berriei plaza duin bat eskaintzea.
  • Herriko, eskualdeko eta oro har Euskal Herriko sortzaileen dinamika aktibatzea.
  • Euskarazko sorkuntzarako baliabideak  jarri eta euskal musikari hedapena ematea.
  • Musika sortzaile berrien erreferentzia puntu bat izatea.
  • Inguruan ditugun sortzaileak balioan jarri eta euren jardunerako tresnak eskaintzea.

 

Ezaugarriak:

  • Deialdia. Funtzionatzeko modua deialdi bidezkoa izango da.
  • Izen-emate epea irekia da, hau da, ez da epemugarik egongo. Baina hautaketan kontuan hartuko da izen-emate data.
  • Parte hartzeko modua. Izena emateko www.kulturaz.eus webgunean jarriko dugun izen-emate orria bete beharko da.
  • Maiztasuna. Sanagustin kulturguneko programazioaren baitan modu jarraian izango dira kontzertuak. 
  • Kontzertuak. Asteburutan izango dira (ostiralean, larunbatean edo igandean) eta doako sarrera izango dute.
  • Zabala. Euskal Herri osoko taldeen plaza izango da.
  • Euskara. Abesten den hizkuntza edozein izanik ere euskarak lehentasuna izango du aukeratzerakoan.
  • Hautaketan kontuan izango dira gazteen proposamenak, proposamen berritzaileak, musika adierazpen anitzak eta parekidetasun irizpideak, besteak beste.

 

Eskaintzen dena:

  • Kulturaz kooperatibak deialdiaren baitan aurkeztutako taldeen artean aukeraketa bat egingo du.
  • Aukeratuak izango diren taldeei kontzertua emateko abagunea, ekipamendu osoa, afaria eta promozioa eskainiko dizkiegu.
  • Taldeen bidaia gastuak ordainduko dira.
  • Kulturaz kooperatibak aukeratutako talde edo bakarlari horien proposamenen hedapena egingo du euskarri desberdinetan (kartelak, elkarrizketak, sare sozialak, prentsa...).
  • Talde bakoitzaren kontzertuko abesti batekin zuzeneko bideoa grabatuko dugu: hiru kameratara grabatuta eta soinu posprodukzioa eginda argitaratuko dugu.
  • Kontzertu bakoitzaren argazki album bat egingo dugu.

Eskatzen dena:

  • Deialdiaren orria egoki betetzea.
  • Talde hasi berria edo garapen bidean dagoen proiektu musikala izatea.
  • Aurrez aipatutako baldintzak onartzea.

 

Harremanetarako: 

Kulturaz Komunikazioa: yagirre@kulturaz.eus

Kulturaz Programazioa: ebeloki@kulturaz.eus

Erantzuna gehitu