Kulturaz Kooperatibak eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute.
Gaur, otsailak 19, elkarlanerako hitzarmena sinatu dute Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibak eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak. Aretxabaletako campusean egindako sinadura-ekitaldian Eñaut Frantsesena Agirre Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren lehendakariak eta Nagore Ipiña Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak hartu dute parte.
Hitzarmenaren helburua erakunde bien arteko elkarlanari oinarria jartzea da, eta hortik abiatuta, formazioan, ikerketan eta euskal kulturan eta Kultur eta Sormen Industrien sektorean eragina izatea bilatuko da.
Sinatutako hitzarmenak aurreikusten du erakunde bien arteko elkarlana Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak abian jarri berri duen Kultur eta Sormen Industriak graduan zein hirugarren edizioa martxan duen Euskal Kulturaren Eragiletzan Unibertsitate Masterrean. Horretaz gain, graduko zein masterreko ikasleek aukera izango dute lan praktikak eta Gradu zein Master Bukaerako Lanak elkartearekin batera egiteko. Azkenik, erakunde biek adostu dute haien intereseko gaietan ikerketa, formazio eta sortu daitezkeen beste proiektu batzuetan elkarlanean aritzea.
Hitzarmenak jasotzen du bi erakundeei interesatzen zaiela beraien lankidetzako harremanak finkatzea, azpimarratuz garrantzitsua dela harreman estuak eta lankidetza eraginkorra izatea.
Sinadura ekitaldiaren ondoren, Eñaut Frantsesena Agirre Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren lehendakariak adierazi du hitzarmen honek “etorkizuneko kultur arloko profesionalekin harremanak sortzen lagunduko du”. Horrelako elkarlanak ezinbestekoak dira ikasleen ikaskuntzak sendotu eta esperientziak partekatzeko”.
Bere aldetik, Nagore Ipiña Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak azaldu du “aberasgarria eta ezinbestekoa” dela Kultur eta Sormen Industrietako eragileekin “harremana izatea”, “bai graduko, bai masterreko ikasleek”: “Ikasleek Kultur eta Sormen Industrietako profesionalak eta egiturak ezagutzeko modua izango da batetik, eta bestetik, euskal kulturak dituen erronkez elkarlanean pentsatzeko aukera bat ere bada”.
Erakunde bietako ordezkariek espero dute lankidetza hau emankorra izatea eta etorkizunean kultura- eta hezkuntza-arloko proiektu bateratuak sortzea.
