Kulturazek eta Bertanek elkarlanari ekin diote berriro

Badira urte batzuk Kulturaz Kooperatiba Elkarteak eta Bertan-ek, Azpeitiko Merkatarien Elkarteak, elkarlanari ekin ziotela. Izan ere, 2018an, bi entitateek indarrak batu eta elkarri laguntzeko konpromisoa hitzartu zuten. Pandemiaren iritsiera eta honek kultura zein merkataritza arloan izandako eraginaren ondorioz, ezinezkoa izan da azken urtean elkarlana aurretiazko baldintzetan burutzea.
Orain, lan egiteko moduen berrien bidez Elkarteen jarduera egonkortu den honetan, berriro sinatu dute hitzarmena.
Horrela, ekarpen ekonomiko baten trukean, Merkatari Elkarteak Kulturaz-ek antolaturiko ekintza guztietarako sarrerak izango ditu, saltokien zein bezeroen artean zozketatu ahal izango dituenak. Aldi berean, Bertaneko bazkide diren saltokiek Kulturaz Kooperatiba Elkartearen zerbitzuetan %10eko deskontua izango dute (zerbitzu teknikoan, luntx zerbitzuan, iragarki grabaketan, etab). Guztia biribiltzeko, Kulturaz Bertaneko bazkidea izango da eta hau, berriz, Kulturazen babeslea.
Akordio indarrean sartu dadin, Jose Luis Otamendi Kulturaz Kooperatiba Elkarteko ordezkariak eta Karmele Zabaleta Azpeitiko Merkatarien Elkarteko Presidenteak sinatu dute hitzarmena.