Kulturaz Kultur Kooperatibak lau tailer ziklorekin ekingo dio 2026-2027 ikasturteari Dinamoa sormen gunean.

2026/08/31
Kulturaz Kultur Kooperatibak lau tailer ziklorekin ekingo dio 2026-2027 ikasturteari Dinamoa sormen gunean.
Sintesi modularren topaketak, performance tailerrak, arte zaharberritze saioak eta stand up tailerrak emango diote hasiera 2026-2027 ikasturteari Dinamoa sormen gunean.

Datorren hilabeteetan hainbat diziplina lantzeko aukera izango da Dinamoan. Irailaren 24an izango da lehendabiziko saioa, Grafiaz Betea zikloaren baitan: Arte zaharberritzea tailerra eskainiko dute Intza Larrañagak eta Itziar Beltzak, artearen kontserbazioan eta zaharberritzean ikasketak dituzten bi ikertzaileek. Bi orduko saio honetan, beren ofizioa zertan datzan erakutsiko digute eta, ondoren, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian dagoen Bakardadearen kaperako zaharberritze-lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da.

Irailaren 26an, berriz, umorea izango da protagonista Esateko Idatzi zikloan. Beñat Iturbe umoregileak Stand up tailerra eskainiko du. Jendaurrean aurkezteko testu baten aurreneko bertsioa sortzea da asmoa, adibide teorikoak eta praktikoak baliatuta.

Aurreko ikasturtean sintetizadore modular kolektiboaren inguruko hainbat tailer eskaini zituen Amsia musikariak Mikrouhinak zikloan. Horren harira, eta sorkuntza kolektiboa ardatz hartuta, Sinte Eguna antolatu dugu urriaren 17rako. Hauxe izango da eguneko egitaraua:

  • 10:00 | Tailerra: Sintetizadore modular kolektiboaren erabilera - Amsia  (Javier Ucar)

  • 12:00 | Masterclassa: Ambisoniak. Entzumen naturalaren aberastasun espaziala berreskuratzeko bidea – Codoru (David Aranaz)

  • 13:00 | Masterclassa: Deloreak. Denbora errealean sortutako tekno melodikoa – Deloreak (Jon Fernandez)

  • 14:00 | Bazkaria Sanagustin kulturgunean

  • 16:30 | ‘Jakite Gabean’ proiektuaren aurkezpena: Sarah Rasinesen eta Enrike Hurtadoren eskutik

  • 17:30 | Sinte modularren kolektibizazioa: bakoitzak etxean dituen soinu-tresnak ekarri eta elkarrenak probatzeko espazioa

Azkenik, azaroren 21ean iritsiko da Haragi Bizitan zikloaren lehen proposamena. Adarbakarra obraren sormen-prozesuan oinarrituta, Maite Aizpurua aktoreak ‘Munstro eszenikoa’ performance tailerra bideratuko du. Ahotsa, mugimendua eta soinua ardatz hartuta, lehenik taldekako ariketak egingo dira eta, ondoren, norberaren intuiziotik abiatutako idazketa nahiz eszenaratzea landuko dira. Sorkuntza kolektiboaz gozatzeko eta esperimentatzeko espazioa izango da.

Dagoeneko zabalik dago izen-ematea, eta plazak mugatuak dira.