Neil Youngen omenezko Rust Fest festibala Sanagustin kulturgunean ospatuko da uztailaren 2 eta 3an

Zer da Rust Fest?
Rust Fest Neil Young musikari kanadarraren omenez egiten den formatu txikiko musika jaialdia da.
Esan genezake jaialdi berezia dela, irabazi asmorik gabekoa baita. Bere sorreratik, jaialdi honek izaera herrikoia du. Horregatik, ez da ez kontzertuetan, ez gainerako ekitaldietan, sarrerarik kobratzen. Halaber, musikariek ez dute, printzipioz behintzat, dirurik kobratzen; hau da, musutruk eta jaialdiari eta Neil Youngen zaleei beren ekarpena egiteko asmoz jotzen dute.
Dena den, antolatzaileek urtero ahaleginak egiten dituzte hainbat bidetik dirua lortzeko: dagokion erakundearen diru-laguntza, kamiseten salmenta, borondatezko ekarpenezko “Fila 0” delako sarreren eskaintza ikusleen artean… Jasotzen den diru hori oso-osorik musikarien artean banatzeko izaten da, ahal den neurrian egiten dituzten gastuak murrizte aldera.
Edizioak
Lehen edizioa (baita X.a ere) 2010. urtean egin zen Coruñako Valdoviño herrian eta ondorengo urteetan leku desberdinetan ospatu da: Cadizen (3 aldiz), Tarragonan, Burgosen, Ourensen, Madrilen, Valentzian eta Mallorcan. Beraz, Azpeitiko XII. edizio hau Euskal Herrian egiten den lehena izango da eta Neil Youngen zaleen eta Kulturaz kooperatibaren artean antolatu da.
Kontzertuak doan izango diren arren, aurrez sarrera hartzea komeni da:
Kontzertuez gain, eta urtero egiten den moduan, larunbat arratsaldean Manolo Ruiz Baraibar jaialdiaren sortzaileak solasaldi bat eskainiko du aurten omendutako Nei Young-en diskoa gaitzat hartuta.
Omendutako diskoa
Edizio bakoitzean Neil Young-en disko bat omentzen da, eta aurtengoa Trans izango da.
Trans Neil Young-en estudioko hamalaugarren albuma da, 1982ko abenduan argitaratua. Norabide aldaketa ekarri zuen musikariaren ibilbidean, vocoderra eta sintetizadoreak erabiltzen baititu. Honetan, Kraftwerk talde alemanaren esperimentu elektronikoen eragina izan zuen.
1980ko amaieratik 1982ko erdialdera, Young-ek denbora asko eman zuen Ben semearekin terapia-programetara joaten, garun-paralisiarekin jaio eta ezin baitzuen hitz egin. Transen abesti berriak Benekin egiten zituen ariketak ziren. Vocoderraren bidez ahotsa distortsionatzeak semearekin komunikatzeko interesa adierazten zuen. Young berak zioen moduan: «Une hartan, hitz egiteko, beste jende batekin komunikatzeko modu berri bat bilatzen ari nintzen. Hori da Trans. Eta horregatik, disko horretan badakizu zerbait esaten ari naizela, baina ezin duzu ulertu. Beno, horixe da nik semearekin nuen sentimendua».
Albumak arrakasta komertzial txikiagoa izan zuen arren, zenbait kazetarik bere balioa adierazi zuten, musika-mugimendu berriak arakatzen baitzituen.