Oreka eta malgutasuna landu dituzte Sorginorratzak ekimeneko zirku tailerretan

2025/11/24
Oreka eta malgutasuna landu dituzte Sorginorratzak ekimeneko zirku tailerretan
Lau astez, zirkuaren errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izan dute Sorginorratzak ekimeneko gaztetxoek. Ekain Ibargurenen (Ekaintxou) eskutik diziplina horren modalitate ezberdinak landu dituzte. Asteazkenekoa izan zen gorputzaren eremuko azken saioa, hurrengo geldialdia soinuaren eremuan egingo dute.

Oraingo honetan zirkua izan da protagonista Sorginorratzak ekimenean. Urriak 29tik azaroak 19ra, astean behin, ordubeteko lau saio eskaini dizkiote diziplina horri. Ekain Ibarguren (Ekaintxou) izan dute bidelagun, Gure Zirkua proiektuko pailazoa da bera eta malabarista gisa ere aritzen da.

Fokuen atzean ezkutatzen dena
Lehenengo saioetan Ibargurenek ogibidearen alderdi ezberdinak azaldu eta entrenatzearen garrantziaz hitz egin zien gaztetxoei. Horrekin batera, karparen muntatze eta desmuntatze lana nola egiten den ikasi zuten: zein den materiala, zenbat jende dabilen lanean, zeintzuk diren karpa bat zutitu eta desegiteko jarraitu beharreko pausoak... Finean, distira, foku eta ikusgarria den horren atzean dagoenaz aritu ziren.

      DSC03867-2.jpg  DSC03850-2.jpg   

      DSC00253-2.jpg   DSC00308-2.jpg

Etorkizuneko trapezistak, funanbulistak, malabaristak eta pailazoak sortzen
Gorputzetik sortzeko momentua ere iritsi zen, zirkuaren diziplina ezberdinak praktikan jartzeko unea. Malgutasuna eta oreka ona izatea ezinbestekoa da, horregatik, gorputza mugitu eta lantzeko hainbat jolas egin zituzten. Une batez, etorkizuneko trapezistak, funanbulistak, malabaristak eta pailazoak  ikusi ahal izan genituen Dinamoa sormen gunean. 

       DSC05976.jpg  DSC05988.jpg

      DSC05959.jpg  DSC05966.jpg

Zirkuko tailerren azken saioa izan zen dibertigarriena, ikasitako guztia gurasoekin batera praktikan jarri behar izan baitzuten. Haurrak zein gurasoak, banaka, binaka eta taldean aritu ziren; besteak beste, malabarak, sokasaltoa eta akroyoga egin zituzten. Une batez, Dinamoa sormen gunea benetako zirkua bihurtu zen.

Zirkuko saioen argazki galeria hemen duzue.

Behin gorputzaren eremuko saioak amaituta, soinuaren munduan murgilduko dira gaztetxoak. Asteazkenean, Elba Azpillaga Bulego taldeko teklistak 'Izan DJ' tailerrei emango dio hasiera. Azaroak 26tik abenduak 17ra, asteazkenero eskainiko du tailerra Dinamoa sormen gunean.

Sorginorratzak ekimenaren bidez Kultur sormen praktikekin gure gazteengana iritsi nahi dugu ikastetxeetan eskaintzen zaien hezkuntza eskaintza osatu eta aberasteko. Proiektuaren inguruko xehetasun guztiak hemen aurkituko dituzu. 

Jarrai dezagun esperimentatzen, ikasten, jolasten eta elkarbanatzen!

 

Erantzuna gehitu