Sanagustin kulturgunea, kultur eta gizarte eragileak proiektuaren protagonista izatearen arrakasta

Azpeitian, kultur arloan, bada gauzak egiteko modu ezberdin bat. Irekia, non herriko kultur eragileek parte zuzena hartzen duten. Eta Sanagustin Kulturgunea lan eredu honen adibide arrakastatsua dugu. Kulturaz Kooperatiban –proiektua aurrera eramateko tresna– aritzen diren Xabier Aranbarri eta Kepa Urbietarekin hitz egin dugu.
Hamar urte baino gehiago pasa dira Udaleko eskaintza kulturala herri eragileen eskuetan uzteko asmoa abiatu zenetik, Azpeitiko Kultur Mahaiaren bitartez. Nola bizi izan zen prozesu hura herrian?
1998a da ibilbide honen hasiera urtea. Uztarria kultur Koordinakundea sortu zen urtea hain zuzen. Hiru ardatz zituen koordinakunde hark jorratzeko: komunikazioa, euskara eta kultura. Lantaldeak sortu ziren bakoitzerako. Kultura arloari dagokionez, 2006an hartu zen Azpeitiko Kultur Mahaia sortzeko erabakia, herriko kultur talde guztiak, kultur zale norbanakoak eta udaleko ordezkariak bilduko zituena. Batez ere, Azpeitian kulturak zuen egoera aztertu eta horren gainean gogoeta egiteko sortu zen. 2009tik aurrera, Kultur Mahaiak zituen egitasmoak egin ahal izateko teknikari bat hartu zenetik aurrera etorri ziren gainontzeko aurrerapenak, adibidez, kultur kooperatiba sortzearena.
Kultur Mahaian eginiko gogoetan atera zen gaietako bat azpiegitura faltarena izan zen. Azpeitian 6-7 bat urtean aretorik gabe egon ginen (bi zeuden lehen, baina urte gutxiren barruan biak bota zituzten). Hori lantzen ari ginela, nolakoa izan beharko lukeen areto horrek, zertarako izan beharko lukeen… jakin genuen Azpeitiko Udala San Agustin eliza zena, kulturara bideratutako eraikin izateko lanean ari zela. Harremanak estutu genituen orduan udalarekin, batez ere, nolakoa izan behar lukeen horretan ados jartzeko. Desadostasunak genituen hasieran, baina iritsi ginen erdibidera. Gerora Udalak lehiaketa publikora aterako zuela jakitera eman zuenean, Kultur Mahaian eginiko gogoeta bitartez aurkeztea erabaki genuen. Horretarako enpresa izaerako egitura behar genuen eta irabazi asmorik gabeko kooperatiba sortu genuen. Lehiaketa irabaztean gauzatu zen.
Kultur Mahaian oso garbi genuen bertako kultur zaleok kudeatutako leku batek gizarte eragileen arteko kohesioa indartzen lagunduko zuela. Horrela, proiektua kultur taldeetatik haratago eraman genuen eta eragile horiekin konpartitu genuen. Horrek izaera zabalagoa emateaz gain, proiektuarekiko jendearen inplikazioa eta motibazioa piztu zituen. Jaso genuen erantzuna oro har ona izan zen. Horren adierazgarri da, hasierako hilabeteetan eragileen artetik etorri zitzaizkigun eskaintza pila. Harrezkero, urtez urte kohesio/konexio hori haziz joan da.
Esan bezala, bide honetatik abiatuta, 2011n KulturAZ Azpeitiko Kultur Kooperatiba sortu zenuten. Zeintzuk izan ziren orduan zuen helburu nagusiak?
Helburu nagusiak kultur, euskara eta gizarte eragileen plaza izatea eta, nola ez, euskarazko kultura modu integral batean sustatzea ziren. Eta dira. Horretarako, lehen aipatutako parte hartzea eta elkarlanaren dinamizazioa eta koordinazioa bultzatzeaz gain, euskal (euskaraz egiten den) kultur adierazpenak indartu ahal zituzten egitasmoak lantzen joan gara.
Proiektu zehatzak aurrera eramateko orduan –Sanagustinekoa kasu–, antzekoak izan litezkeen ereduak izan zenituzten oinarri?
Proiektua egitean eredu propio baten aldeko apustua egin behar genuela argi genuen. Kultur eta gizarte eragileek eurena sentituko zuten leku bat nahi genuen, autonomia, elkarlana eta parte hartzearen arteko oreka ardatz izango zuena.
Beste eredu batzuk ikusi genituen, noski, eta harremanak ere izan genituen. Gertutasun gehien, Plateruenarekin izango luke, guk uste, proiektuak. Hangoekin egon ginen beraien ibilbidea ezagutzen.
Hasieratik lotu zenuten proiektua bere bideragarritasunarekin baina, zeintzuk izan dira urte hauetan guztietan aurre egin beharreko oztoporik handienak?
Bideragarritasuna eguneroko lanarekin lortzen da, paperak erraz jasaten baitu bideragarritasuna, baina errealitatea bestelakoa da. Autonomia (autofinantziazioa) eta elkarlana ditugu oinarri. Bai bata eta bai bestea jorratzerakoan, zailtasunak izan ditugu. Eta ditugu.
Gure autofinantziazio maila %85 inguruan dabil. Sei urte hauetan, urtez urte, proiektuak %15-20ko hazkundea izan du. Kultumetria izeneko azterketa bat egin ziguten 2015ean eta han ondorioztatzen zuten, hazkunde hori ez dugula guk eragin, baizik eta eragileek “bultzatuta” eta eragileekin “batera” izan dela. Autofinantziazio maila hori lortzea eta kultur zein gizarte eragile ezberdinen dinamizazioa lantzea ez da erraza dugun egiturarekin. Bestalde, eredu honek ulermen eta kokapen zailtasunak izan ditu administrazio ezberdinekin elkarlana bultzatzerakoan (zorionez urtez urte hobetuz doa). Urte gogorrak izan dira, hasiera guztiak diren moduan, baina esanda bezala, eguneroko lanak eta gizartearekin dugun konexioak egiten du hau bideragarri.
Jarraitu elkarrizketa Kulturkliken atarian.