Soinuari loturiko esperientziak sortzeko asmoz, Mikrouhinak zikloa abian jarri du Kulturaz Kultur Kooperatibak
ZER DA MIKROUHINAK?
Mikrouhinen mehetasun eta soiltasunari jarraiki, txikitik hasi nahi dugu gure inguruko soinua aztertzen eta astintzen. Horretarako dakarkigu Mikrohuinen soinu-tailer multzo hau. Pilula txikiak izango dira, soilak, arinak, ia xuxurlatzeko modukoak. Bi hilean behin, soinuari loturiko sormen esperientzia batez gozatu ahal izateko. Komunitate txiki bat sortu nahi dugu eta denok batera soinuaren zirrikitu horiek denak ezagutu. Ez dugu zarata egiteko gogorik, baina ezta isilik geratzeko asmorik ere.
EGITURA OROKORRA
Mikrouhinak zikloak ikasturte izaerako ibilbidea proposatuko du. Bi hilabetean behin tailer bat eskainiko da Dinamoa sormen gunean, eta bi edo hiru orduko iraupena izango du. Guztira lau saio antolatuko dira, bakoitza bere ardatz zehatzarekin.
Tailer bakoitza teknika, diziplina edo praktika jakin bati eskainiko zaio, aditu batek gidaturik, baina ikuspegi orokorra diziplinartekoa izango da.
Mikrouhinak ez da formakuntza espezializatua edo teknikoa soilik: jakintza-maila guztietako parte-hartzaileek har dezakete parte. Horrela saio gidari adituak ez bakarrik, parte-hartzaileek ere jakintzak elkarren artean elkarbanatzeko aukera izango dute.
AHOTSA | MAIDER BIGURI
Ahotsa beti daramagu gainean, baina ez dugu sarritan ezagutzen. Tailer honetan, norberaren ahotsak dituen aukerak eta ñabardurak esploratuko ditugu, ahots talde batean erabiltzen ikasiz. Elkarren ahotsak batuta sortzeko espazioa izango da: tonua, bolumena, erresonantzia, ahotsen enpastea… eta batez ere, beldurra kentzeko lekua. Ez da abeslari izatea kontua, ezta teknika perfektua edukitzea ere; ahotsa askatzea eta taldean sortzen den soinuak dituen aukerak bizitzea da helburua.

Egitasmoen inguruko informazio guztia eskuorrian aurkituko duzu.
