Sorginorratzek ‘Haurren hiria’ sortu dute arte plastikoen bidez

2026/04/21
Sorginorratzek ‘Haurren hiria’ sortu dute arte plastikoen bidez
Azken lau asteetan, arte plastikoen munduan murgildu dira Sorginorratz taldeko gazteak. Oier Fernandez artista eta Kaleko Izarra grafitilaria izan dituzte bidelagun irudiaren eremuko saioetan.
Sorginorratzak - Argazkilaritza

Artearen bidez nahi dugun mundua eraiki daitekeela deskubritu dute Sorginorratzek. Arte plastikoei eskainitako lau saioetan, koloreekin eta formekin jolasteaz gain, sormen prozesu oso batez gozatzeko parada ere izan dute, paperetik hasi eta amaierako emaitzara arte.

Haurren hiria

Lehen hiru saioak Oier Fernandez artistaren gidaritzapean burutu zituzten, herri ideal baten maketa osatzea zuten helburu. Ariketa orri zuri batean abiatu zen, herriko txoko kuttunenak (kioskoa, igerilekua edota futbol zelaia) margotuz. Gainera, ariketak amets egiteko tartea ere eskaintzen zuen; izan ere, espazio horiei nahi zuten guztia gehitzeko askatasuna izan baitzuten. Ondoren, paperean irudikatutakoa kartoi zatien bidez eraiki behar izan zuten. Emaitzen artean, Xoxote mendia, igerilekua duen goxoki-denda edota Azpeitiko kioskoaren bertsio berritua agertu ziren, besteak beste.

1.1

Kartoietatik espraietara

Azken saioan, Kaleko Izarra artista eta grafitilaria izan zen irakaslea. Saioaren hasieran, grafiti mota eta estilo ezberdinak erakutsi zizkien, eta Sorginorratzek ikasitakoa paperean praktikan jarri zuten. Jarraian, kalera atera eta grafiti erraldoi bat margotzeari ekin zioten. Koloreak nahasiz eta formekin jolastuz, “Maitasuna” hitza zuen grafitia sortu zuten gaztetxoek.

Arte plastikoen tailerretako irudi guztiak hemen dituzue ikusgai.

Dagoeneko gorputzaren, soinuaren eta irudiaren eremuetatik igaro dira Sorginorratz ekimeneko ikasleak. Aste honetan, azken eremura egingo dugu salto: hitza lantzen hasiko gara bertsolaritza saioekin.

Sorginorratzak ekimenaren bidez, kultur sormen praktikekin gure gazteengana iritsi nahi dugu, ikastetxeetako hezkuntza eskaintza osatu eta aberasteko.

Jarrai dezagun esperimentatzen, ikasten, jolasten eta elkarbanatzen!

Erantzuna gehitu