Udazkeneko kultur programazioa aurkeztu dugu

2023/06/26
Udazkeneko kultur programazioa aurkeztu dugu
Ez geneukan dirurik eraikin oso bat lona batekin estaltzeko eta photoshopera jo behar izan dugu XD.
Mota guztietako kultur ekitaldi, dinamika eta proiektuak izango dira Sanagustin kulturgunean, Soreasu Antzokian eta Dinamoa sormen gunean. Informazio guztia webgune honetan bertan eskuratu daiteke.

Uda hastearekin batera aurkeztu du Kulturaz kooperatibak udazkeneko kultur egitaraua. Kultur ekitaldiei dagokionez Ginger eta Mice, Ibil Bedi eta Ithaka, Birds Are Indie eta Somma Cult, Azione Diretta eta Brigade Loco, Liher eta Sua eta Grisesen kontzertuak, Txisteratik magia jaialdia, Tu-tum, platz! Jon Plazaolaren bakarrizketa saioa eta herriko eragileen erakusketak izango dira besteak beste. Bestalde, azaroan Antzerki Topaketak ospatuko dira, Azpeitiko Udalak antolatuta.

Dinamoa sormen gunean Hitzaren Eskolaren laugarren edizioari ekingo zaio Amets Aranguren, Itziar Ugarte, Irati Gorostidi eta Joseba Sarrionandiaren eskutik. Izen emate epea uztailaren 7an amaituko da. Soinu tailerrak ere antolatu dituzte -laster xehetasun gehiago- eta, gainera, Arkupehotsaken edizio berria ospatuko da. Gorputzaren eremuan, berriz, gaztetxoen antzerki tailerrez gain, helduen Antzerki Sormen Laborategia jarriko da martxan. Udazkenean Dinamoan sormen egonaldiak egiteko izen-emate epea ere irekita dago -uztailaren 16a arte-. Gainera, Herriko ikastetxeekin elkarlanean Txinaurriak proiektuari jarraipena emango zaio datorren ikasturtean.

Agenda nahiko beteta izan arren, badira aurrerago argitaratuko diren ekitaldi eta proiektuak ere. Webgune honetako agendan izango da xehetasun guztiak ikusteko aukera.

 

Erantzuna gehitu