Zabalik da 2025eko sormen egonaldietan izena emateko bigarren deialdia

2025/06/19
Zabalik da 2025eko sormen egonaldietan izena emateko bigarren deialdia
Adi sortzaileok! Eskaerak aurkezteko epea 2025eko ekainaren 16tik uztailaren 14ra izango da.

Sormena babes! Azpeitiko Kulturaz Kultur Kooperatibak hasieratik babestu izan du sortzaileen jarduna. Azken urteotako esperientziaren ostean eta Dinamoa sormen gunearen abaroan sormen egonaldi hauen deialdia ondu dugu diziplina orotariko sortzaileei baliabideak eskaini eta bidea egiten laguntzeko.


DEIALDIEN OINARRIZKO INFORMAZIOA

NORI ZUZENDUA DAGO?

#HARRI - sormen egonaldi osoa

Esku artean sormen proiektu bat duen sortzaile orori irekia dagoen deialdia da hau. Edozein arte-diziplinatara irekia, bakarka zein kolektiboan asmo bati sormen prozesu sakon bat eskaini nahi dionarentzat. Prozesuaren edozein fasetan egonik ere denbora eta arreta zaindua eskaini nahi dutenen eskura baliabideak nahiz babesa eskaintzea da deialdi honen asmoa.

#ORRI - sormen egonaldi sinplea

Modu errazean sormen proiektu bati denbora, lekua eta baliabideak eskaini asmoz egonaldi malgu bat egin nahi duen norbanako sortzaile eta kolektiboei zuzendua dago deialdi hau. Zeinahi sormen diziplinatan eta prozesuaren edozein fasetan egonik ere babesa eta bertako azpiegituren aukerak baliatu nahi dituzten sortzaileei.

#AR - antzerki sormen egonaldia

Euskarazko antzezlan bat landu asmoa duten antzerkigile orori zabaldutako deialdia da hau. Bakarka zein modu kolektiboan sormen prozesuaren edozein fasetan antzerki obra bat ontzen ari denari. Heuren jardunean ezinbestekoak diren lan saioak baliabide egokiekin egin ahal izateko berariaz euskarazko antzerkigintzari eskainitako deialdia da hau.

 

Erantzuna gehitu