Zabalik da Gaztetxoen Antzerki Eskolan izena emateko epea

2026/09/17
Zabalik da Gaztetxoen Antzerki Eskolan izena emateko epea
Azaroaren 16ko astean hasiko dira Gaztetxoen Antzerki Eskolako ikasleak lanean. Xanti Agirrezabalagak eta Alaitz Olaizolak gidatuko dituzte 8 eta 16 urte bitarteko ikasleen saioak. Gaurtik hasi eta irailaren 30era arte eman ahal izango da izena.

Urte luzez, eta batez ere Antzerki Topaketen harira, bada herrian antzerkiarekiko interesa. Dinamoa sormen guneko Gaztetxoen Antzerki Eskolak tradizio horri eutsi eta txikitatik antzerkirako zaletasuna garatzea du oinarri. Ikasturtez ikasturte gero eta ikasle gehiago datoz eskoletara, eta dagoeneko asko dira Dinamoan trebatu diren antzezleak. Ikastaro hauek, beren funtzio kulturalaz gain, betekizun soziala ere badute; izan ere, gazteei harreman sozialak lantzeko eta garatzeko baliagarriak zaizkie.

2026-2027 ikasturtean, Alaitz Olaizolaren eta Xanti Agirrezabalagaren gidaritzapean, antzerkiaren kodeak, egiteko moduak, prozesuak eta metodoak ikasiko dituzte. Bakarka ez ezik, taldean ere proiektu eszeniko jarrai eta egonkor baten parte izateko aukera izango dute, sormena antzerkiaren bitartez bideratzeko zein taularatzeko tresnak berenganatuz, eta antzerkizaletasuna zein sormen grina sustatuz.

Saioak eta izen-ematea

Klaseak astelehen zein asteazkenetan izango dira, 17:15etik 18:15era edo 18:30etik 19:30era. Eskoletan 8 eta 16 urte bitarteko gaztetxoek eman dezakete izena. Taldeak egoki osatu ahal izateko, izena ematerakoan ikasleak posible duen ordutegi aukera guztiak zehaztea eskatzen da.

IZEN-EMATEA

Erantzuna gehitu