Zabalik dago helduen antzerki eta dantza eskoletan izena emateko epea

2026/09/02
Zabalik dago helduen antzerki eta dantza eskoletan izena emateko epea
Dinamoa sormen guneko gorputzaren eremuan eskainiko dira bi ikastaroak: dantza garaikideko hastapenak eta helduen antzerki eskola. Froga saioetako eta ikastaroetako informazio guztia eskuragarri dago hemen: kulturaz.eus/agenda.

Arte eszenikoen modalitateari lotutako, eta helduei zuzendutako, bi ikastaro eskainiko dira aurten. Ikasturte osoko ikastaro trinkoak izango dira, eta helburua antzerkian eta dantzan dabiltzan zaletuei eta ez-profesionalei trebatzen jarraitzeko aukera ematea da. Gorputza askatzeko, jolasteko, lotsak kudeatzeko eta irudimena lantzeko espazioa izango da.

Helduen antzerki eskola

2024an hasiera eman zitzaion helduen antzerki eskolak ateak irekiko ditu beste behin. Xanti Agirrezabalaren gidaritzapean, asteazkenero elkartuko dira Dinamoa sormen gunean, 19:30etik 21:00etara. Ikastaro honetan antzerkiak dituen baliabideak landuko ditugu, inprobisazioa, jolasa eta taularatzeko tresna ezberdinak ezagutuz. Oholtzarekin, gorputzarekin eta antzerkiarekin beste harreman modu bat nahi duen edonork dauka lekua eskolan, aurrez inoiz ibili gabea izanda ere. Ikastaroa zertan datzan hobeto ezagutu nahi dutenentzat, proba saioa egingo da irailaren 30ean.

Izen-ematea hemen. 

Dantza garaikideko hastapenak

Dantza garaikideko hastapenak ikastaroak ere jarraituko du aurten. Aiala Etxegaraik gidatuko ditu saioak, eta asteartetan izango dira, 18:30etik 20:00etara. Dantza garaikidea probatu eta estilo honetara gerturatu nahi dutenei zuzendutako ikastaroa da hau, oinarrizko mugimenduen jakintza jaso eta hortaz gozatzeko. Ikastaroa zertan datzan hobeto ezagutu nahi dutenentzat, proba saioa egingo da irailaren 29an.

Izen-ematea hemen.

Erantzuna gehitu