Zortzi talde eta norbanako sormen egonaldien hautatuen artean
Egonaldiak irailaren hasieratik 2027ko urtarrilaren amaierara bitarte gauzatuko dituzte. Dinamoa sormen gunearen abaroan prozesuaren edozein fasetan egonik ere, baliabideak eskaini eta bidea egiten laguntzea izango da gure helburua.
Bi egonaldi mota banatu dira osoa eta sinplea. Antzerkia, musika, dantza, poesia eta arte plastikoak landuko dituzte, besteak beste.
EGONALDI OSOA
- Areta Senosiain, Javier Larrañeta, Ibai Osinaga, Eder Escalera eta Amets Aranguren | Ibil bedi
Irunberri epizentro duen musika taldea dira, bost kidek osatzen dutena. Kantuen konposaketa eta grabaketa prozesuak bukatuta, diseinu eta produkzio lanetan daude sartuta uneotan burubelarri, baita bira berriko kontzertuak antolatzen ere. Egonaldiaren helburua kontzertua bera prestatzea da, Soreasu Antzokiak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatuz.
- Aitzol Villahoz Prieto, Ismael Munuera Esquinas eta Ziggy Docherty Sánchez
Nik bakarrik, berriz
Belaunaldi berriak ulertzen saiatzeko antzerkitik egiten duten apustua da. Bakarrizketa tragi-komiko honen bidez, Zuriñek bere bizitzaren kontrola berreskuratu nahi du nola edo hala. Azken aldian dena hankaz gora jarri da: lagunak urrundu egin dira, familiaren kritikak jasan behar ditu eta ezkontzear zegoela bere mutilak utzi egin du. Bere bizitza berria onartu ezinik, edozer gauza egiteko gai dela erakutsiko digu, aurreko bizitzara bueltatzeko. Honen guztiaren inguruan, geure antiheroiak identitate-krisi bat aurkezten digu umore garratzez eta euskarazko hizkera hurbilez.
- Maite Gandia, Oier Agirre eta Álvaro González de Arrieta | Zuritu kolektiboa
Ia osoak, ia perfektuak
Mediku batek burmuin erdia daukala esan dio emakume bati. Berak berri txar bat bezala jaso beharrean, ikaragarri poztu eta lasaitu da. Azkenik bere bizitzak zentzua dauka, lortu ez duen guztiak azalpen bat dauka, txarto egindako guztiak zuribide bat. Osotzat hartu du bere bizitza.
Zer da bizitza egokia? Eta bizitza perfektua? Eta, are gehiago, biak bateratu ditzakeen bizi osoa? Biziosoak izan behar dugu bizi osoa lortzeko? Bi lagun emakumearen historia kontatzen saiatuko dira, haiek ere bizi osoa lortzeko bidea aurkitu nahian.
- Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Hamaika demonixo, hamaika erremedixo
Lynda barryren 'Mis cien demonios’ komiki collageak estimulatuta hasi zen Ainhoa demonixoak zerrendatzen. Krisi betean zegoen. Demonixoak bakarrik zerrendatzea ez dator bere nortasunarekin bat eta erremedixoak ere islatu nahi izan zituen. Collage pillo bat ditu erdi eginda eta amaitu gabe. Espiralean beste buelta bat hasi duenerako hitzak jarri beharra sentitu du... egonaldi honetan berbak aurkitu nahi ditu.
Demonixotzat hartu dituen galderak, zalantzak, beldurrak izendatzeko berbak. Oinarrizko hutsunea izendatzekoak.
Erremedixo direnak ere ekarriko ditu hitzekin, ordea. Ezinbestean.
EGONALDI SINPLEA
- Sua Enparantza, Xabi Solano, Ximun Fuchs eta Mikel Lizarribar | Ez da entzuten SL
Aitaren hauspoa
Xabi trikitilaria da, aita langile eta trikitilari baten semea. Aitak transmititutako musikaren bidez, bere haurtzaroa, bere heziketa zorrotza eta bere arrakasta profesionala gogoratzen ditu, baina baita beldurrak, isiltasunak eta presioak ere. Aitaren heriotzak hutsune bat uzten du, eta hutsune horretan sortzen da galdera nagusia: zer egin orain transmisio horrekin? Musikaren, oroimenaren eta eguneroko bizitzaren artean, Aitaren hauspoa antzezlan intimo eta politikoa da aldi berean, galdera ikurrez idatzia, ahapeka kantatua eta trikitiaz isuria.
- Garazi San Martin Boj, Samuel Quel
Barraskiloaren frekuentzia
Antzerki tradizionalaren frontalitatea hausten duen pieza-performance poetiko eta sentsoriala da. Entzumen-galerak eragindako inkomunikazioa eta gaur egungo gizartean hain zabaldua dagoen nahi gabeko isolamendua ditu ardatz. Soinu-loopen, ikus-entzunezko proiekzioen, poesiaren eta dantzaren bidez, lanak espiral formako unibertso bat eraikitzen du. Bertan, aktoreek beren hipoakusia lurralde eszeniko gisa zeharkatzen dute, ahozko hizkuntzaren ezegonkortasunetik abiatuta harreman modu sentsorialago eta intuitiboago bat sortuz. Helburua ez da inkomunikazioa konpontzea, bertan bizitzea eta ikuslea esperientzia kolektibo horretara hurbiltzea baizik.
- Ainhoa Alberdi Gisasola
Ispilua zeharkatuz
Erotzat hartu gintuzten. Hainbat emakumek historian zehar eta batez ere gerra ostean bizitako errealitate krudela. Beraiek gutako askoren amonak izan ziren. Memoria honek gure gorputzean darrai.
-Dantzatu dezagun Alizia.
-Erotzat hartuko gaituzte.
-Ezagutzen duzu izaki zentzudun zoriontsurik?
-Arrazoi duzu, dantzatu dezagun Untxi jauna.
- Uxue Ruiz de Arkaute
Engaiamendu
Zergatik irudikatzen dugu paisaia berdea, hartaz pentsatzen dugunean? Zergatik agertzen da beti giza eskalatik begiztatzeko moduko zerbait bezala, zuhaitz hostotsuekin eta zeru garbiekin? Zergatik tematzen da mendebaldeko iruditeriako paisaia behin eta berriz errepikatzearekin? Eta zergatik finkatu da berde gisa, halaber, Euskal Herriari lotutako paisaia? Engaiamendu galdera horien artean kokatzen den sormen prozesua da.
