Hitzaren Eskola 2023

Hitzaren Eskola 2023
Hitzaren ahozko nahiz idatzizko alderdiak lantzeko, betiere osotasun baten bila: hitzaren jabe egitea belaunaldi berriak, hitza hartzeko bidea jartzea.

 

 

Hitzaren Eskolaren laugarren edizioa antolatu dugu, eta aldaketekin dator. Laburragoa da orain, baina lehen bezain trinkoa izateko xedez. Lau irakasle izango dira orain, baina bakoitzak irakasle gonbidatu bat ekarriko du bere azken saioan, bere jarduna eta eskolarena aberasteko. 

 

Bestalde, lehen hiru edizioek emandakoen memoria osatu dugu. 

 

 

Hitza eman egiten da, jan egiten da, kendu, ukatu, gauza asko egiten da hitzarekin. Egin ere egiten da, hitz egin. Samuel Becketten ustez, hitzak gara: Hitzetan naiz, hitzez eginikoa, beste batzuen hitzak, besteak ere, lekua ere bai, airea, hormak, zorua, sabaia, dena hitzak.

 

Zeure izena, hain zeurea den hori ere, hitza besterik ez, konbentzio sozial bat. Dena hitzak. Eta horrexegatik, hitzezkoak garelako, hainbeste erabiltzen dugulako, gure bizitzetan hain presente egon eta ia oharkabean pasatzen zaigulako askotan, erabaki genuen Hitzaren Eskola egin behar genuela. 

 

Hitza bera ardatzean jarrita egin nahi dugu eskola hau. Ez diziplina bat, bere tresna eta teknika espezifikoekin, baizik eta hitza bera, bere ertz guztiekin, bere ahal izugarriarekin, bere izaera eta aukera guztiekin. 

 

Hitza hartu, hainbat alderditatik aztertu, geure egin, hitza hartzeko. Geure hitzez ulertzeko eta kontatzeko mundua.

 

Laugarren edizioa antolatu dugu, eta aldaketekin dator. Laburragoa da orain, baina lehen bezain trinkoa izateko xedez. Lau irakasle izango dira orain, baina bakoitzak irakasle gonbidatu bat ekarriko du bere azken saioan, bere jarduna eta eskolarena aberasteko.

 

Eta ekitaldi irekia amaieran egingo dugu, itxiera ekitaldi gisa.