PARTE HARTU, PARTE IZAN
2024an Azpeitiko kultur komunitatea artikulatzeko eta sistematizatzeko prozesua jarri genuen martxan. “Parte hartu, parte izan” izena jarri genion dinamikari, horixe baita, hain zuzen, prozesu honekin lortu nahi dena, elkarrekin bidea egin eta herri egitasmo bat izatea.
Azken urteetan proiektua gehiago herriratzen saiatu gara; komunikazio euskarri asko berritu dira; APP-a webgunea, kultur bonua, eta komunikazio bide berriak ere sortu dira, telegram kanala esaterako. Kultur talde eta herri eragile ugarirekin ere egon gara beraiek sustatzen dituzten ekimenetan bestelako inplikazio bat lortzeko.
2026an proiektuari jarraipena eman diogu eta komunitatea artikulatzeko tresnak martxan jarri ditugu. Diziplina eta eragile desberdinetako kulturzaleek osatutako talde zabala eratzea lortu dugu, eta, beste urte batez, abian jarritako egitasmoari behar bezala erantzun diogu. Esan dezakegu, ezarritako helburuak arrakastaz bete ditugula eta elkarlanaren bidez proiektua gidatu eta aberastu dugula.
Proiektu honek lan talde osoaren babes eta atxikimendua du, eta, nahiz eta maila desberdinetan izan, erakundeko langile guztiek izan dute bertan parte hartzeko aukera. Modu zuzenean zein zeharkakoan, guztien ekarpenak baliagarriak izan dira eta izango dira etorkizunean.
Prozesuaren helburuak ondorengo puntuetan laburtu ditugu:
- Bidea partekatu: esku artean ditugun asmoak, kezkak eta aukerak elkarbanatu eta bidea elkarrekin egitea nahi dugu.
- Kultur dinamika herritik eta herriarentzat, herritarrekin eraikitzea.
- Parte hartze guneak zabaldu nahi ditugu eta erabakiguneak herritartu, parte hartzetik parte izatera jauzia egiteko.
- Komunikazio bide berriak jorratu nahi ditugu, aldebakarreko komunikazioa bi alderdikoa bilakatuz.
- Gazteengana iritsi nahi dugu, Kultura gizarte aldaketarako tresna eraginkorra da eta etorkizuneko herritarrengan presente behar duen ezinbesteko arnasa.
