Kultur Bonua

Kultur Bonua
Herriko kulturzaleei eskaintza berezia eskuragai jarri, komunitatea saretu, harremanak josi eta kulturzaletasuna sustatzeko proiektua.

Kulturarekin hazi, hezi eta goza ahal izatea bultzatzeko asmoz sortu zen Kultur Bonua. 

2013an hasi genuen ekimen honek 13.urtea betetzen du eta oso harrera ona izan ohi du urtero herritarren artean. Bonuak 120€ko kostua du eta kooperatibak, Azpeitiko udalaren laguntzaz, ikasle, langabetu, pentsiodun eta familia ugariei deskontua egiten die, beharrezko dokumentazioa aurkeztuta. Bonu kopurua mugatua da eta gutxienez 16 urte dituztenek eskuratu dezakete. Kultur Bonu orokorra transferigarria da, Kultur Bonu deskontuduna ordea ez.

Bonua Kulturaz app-aren bidez erabiltzen da. Bertan, Kultur Bonuaren kodea izateaz gain, erabileraren jarraipena emango da.

Kultur Bonuaren bidez, Sanagustin kulturgunean, Soreasu Antzokian edota Dinamoa sormen gunean Kulturaz Kooperatibak antolatutako sarreradun ekitaldiez gozatzeko aukera eskaintzen da:

  • 10 sarrera KONTZERTUetarako
  • 10 sarrera ZINEMArako
  • 10 sarrera ANTZERKI/DANTZA/BAKARRIZKETETArako
  • 10 sarrera HAURREN IKUSKIZUNetarako
  • Zenbait kontzertutan sarrerak lortzeko edo ikastaroetan parte hartzeko deskontuak

Kultur Bonu bakoitzarekin ekitaldiko bi sarrera (gehienez) hartu ahal izango dira (bi erabilera gisa zenbatuko da) erosketa bakar batean. Ekitaldi guztietarako sarrerak aurrez hartu beharko dira kulturaz.eus atarian. Bonudunek sarreren salmenten inguruko informazioa izango dute, aurrez.

Kultur Bonua izan da herritarrei kultura eskura jarri eta kultur komunitatea indartzeko tresnetako bat. Azken urteotan kulturzale berriak sortzeko estrategiak diseinatzen dihardugu; kulturak etorkizunik izango badu ezinbestekoa da dugun ikuslegoa indartu eta belaunaldi berriak erakartzea.