Abenduaren 15ean jarriko dira salgai 2026ko kultur bonuak

2025/12/12
Abenduaren 15ean jarriko dira salgai 2026ko kultur bonuak
Abenduak 15ean, arratsaldeko 18:00etan, irekiko da 2026ko Kultur Bonua erosteko aukera kulturaz.eus webgunean.

Kultur Bonua da herritarrei kultura eskura jarri eta kultur komunitatea indartzeko tresnetako bat. Kulturak etorkizunik izango badu ezinbestekoa da dugun ikuslegoa indartu eta belaunaldi berriak erakartzea.

2013an hasi genuen ekimen honek hamalaugarren urtea beteko du, eta oso harrera ona izan ohi du urtero herritarren artean. Bonuak 120€-ko kostua izango du eta ikasle, langabetu, pentsiodun eta familia ugariek 80€-ren truke lortu dezakete, beharrezko dokumentazioa aurkeztuta. Bonu kopurua mugatua da eta gutxienez 16 urte dituztenek eskuratu ahal izango dute. Kultur Bonu orokorra transferigarria izango da; ez, ordea, Kultur Bonu deskontuduna.

Aurreko urtean bezala, 2026ko bonua digitala izango da, Kulturaz app-aren bidez erabili beharko da. Bertan, Kultur Bonuaren kodea izateaz gain, erabileraren jarraipena emango da.

Kultur Bonuari esker, Sanagustin kulturgunean, Soreasu Antzokian edota Dinamoa sormen gunean Kulturaz Kooperatibak antolatutako sarreradun ekitaldiez doan gozatzeko edota deskontuak izateko aukera eskaintzen da:

- 10 sarrera KONTZERTUetarako
- 10 sarrera ZINEMArako
- 10 sarrera ANTZERKI/BAKARRIZKETA/DANTZArako
- 10 sarrera HAURREN IKUSKIZUNetarako
- Zenbait ekitalditan sarrerak erosteko eta ikastaroetan parte hartzeko deskontu bereziak

Kultur Bonu bakoitzarekin ekitaldiko bi sarrera (gehienez) hartu ahal izango dira (bi erabilera gisa zenbatuko da) erosketa bakar batean. Ekitaldi guztietarako sarrerak aurrez hartu beharko dira kulturaz.eus atarian.

Diziplina desberdinetako ekitaldi ugariz osatutako urte oparoa izango da 2026a. Informazio guztia kulturaz.eus atarian eskuratu daiteke. Datak gerturatu ahala joango gara ekitaldi gehiagoren berri ematen.

Erantzuna gehitu