KULTUR BONUA

KULTUR BONUA
Herriko kulturzaleei eskaintza berezia eskuragai jarri, komunitatea saretu, harremanak josi eta kulturzaletasuna sustatzeko proiektua.

Kulturarekin hazi, hezi eta goza ahal izatea bultzatzeko asmoz atera dugu hamalaugarren urtez jarraian Kultur Bonua. Abenduak 15ean, astelehena, arratsaldeko 18:00etan irekiko da 2026ko Kultur Bonua erosteko aukera kulturaz.eus webgunean.

Kultur Bonua da herritarrei kultura eskura jarri eta kultur komunitatea indartzeko tresnetako bat. Kulturak etorkizunik izango badu ezinbestekoa da dugun ikuslegoa indartu eta belaunaldi berriak erakartzea.

2013an hasi genuen ekimen honek oso harrera ona izan ohi du urtero herritarren artean. Bonuak 120€-ko kostua izango du eta kooperatibak, Azpeitiko udalaren laguntzaz, ikasle, langabetu, pentsiodun eta familia ugariei deskontua egingo die, beharrezko dokumentazioa aurkeztuta. Bonu kopurua mugatua da eta gutxienez 16 urte dituztenek eskuratu ahal izango dute. Kultur Bonu orokorra transferigarria izango da; ez, ordea, Kultur Bonu deskontuduna.

Aurreko urtean bezala, 2026ko bonua digitala izango da, Kulturaz app-aren bidez erabili beharko da. Bertan, Kultur Bonuaren kodea izateaz gain, erabileraren jarraipena emango da.

Kultur Bonuari esker, Sanagustin kulturgunean, Soreasu Antzokian edota Dinamoa sormen gunean Kulturaz Kooperatibak antolatutako sarreradun ekitaldiez doan gozatzeko edota deskontuak izateko aukera eskaintzen da:

- 10 sarrera KONTZERTUetarako
- 10 sarrera ZINEMArako
- 10 sarrera ANTZERKI/BAKARRIZKETA/DANTZArako
- 10 sarrera HAURREN IKUSKIZUNetarako
- Zenbait ekitalditan sarrerak erosteko eta ikastaroetan parte hartzeko deskontu bereziak

Kultur Bonu bakoitzarekin ekitaldiko bi sarrera (gehienez) hartu ahal izango dira (bi erabilera gisa zenbatuko da) erosketa bakar batean. Ekitaldi guztietarako sarrerak aurrez hartu beharko dira kulturaz.eus atarian.