Kulturaz Kultur Kooperatibak hiru eguneko egitarau berezia prestatu du 15. urteurrena ospatzeko
Urriaren 23an, ostirala, Azpeitiko kultur taldeen festa izango da Sanagustin kulturgunean, herriko sortzaile ezberdinek bat egingo dute ospakizun berezi batean. Larunbatean, berriz, hausnartzeko tartea hartuko dugu, sorkuntza kolektiboari buruz arituko gara ‘Hil da Jenioa’ jardunaldietan. Egitarauarekin amaitzeko, igandean, Ibil Bedi taldearen pase irekia izango dugu Soreasu Antzokian, bira berriari begira egin duten egonaldiaren emaitza erakutsiko dute entsegu ireki batean. Egun hauek probestu nahi ditugu urteotan guztietan Kulturaz Kultur Kooperatibaren komunitatea osatu duten pertsona zein talde guztiei eskerrak emateko.
Urriak 23, ostirala | Ospakizun ekitaldia
15 urte hauetan herriko kultur taldeak izan dira kooperatibaren motor nagusia. Topaketa honen helburua herriko kultur sarea elkartzea eta elkarrekin kulturaz gozatzea izango da, 15 urte hauetako lana nabarmenduz. 19:00etan hasita, hainbat taldek elkarlanean prestatutako emanaldia eskainiko dute Sanagustin kulturgunean: Udal Musika Banda, Luix Beltza dantza eskola, Itsasi kultur taldea, Julian Barrenetxea abesbatza, KBeat taldeko abeslariak, Trikigiro kultur elkartea, Erniarraitz bertsozale elkartea, Metal Boskotea eta Arte eta Diseinu Eskolako ikasleak. Oholtzaz kanpo ere, Azpeitiko hainbat kultur talde izango dira emanaldia ikusten.
Urriak 24, larunbata | Hil da Jenioa: sorkuntza kolektiboaren inguruko jardunaldia
‘Hil da Jenioa’ deituriko jardunaldi hauetan sorkuntza kolektiboa izango da muina. Aspalditik bueltaka izan dugun susmoa da artistaren bikaintasun eta originaltasuna baino, ez ote den berez elkarlana sormenaren motor nagusia. Eta hori hala dela onartuta ere, zergatik egiten zaion hainbeste gorazarre artistaren bikaintasun, ospe, marka indibidualari. Are, ez ote dugun guk geuk ere makinaria horretan aktiboki parte hartzen. Dinamoa sormen gunetik sorkuntza kolektiboa bultzatu nahi genuke, eta horren inguruan pentsatzeko planteatu ditugu jardunaldi hauek.
10:00etatik 14:00etara bilduko gara Dinamoa sormen gunean. Tartean solasaldiak, performanceak eta luncha izango ditugu goiz osoan zehar. Sorkuntza kolektiboaz ari garenez, elkarrekin esperientziak partekatzea funtsezkoa da; horregatik nahi dugu egun horretan sortzaile ezberdinen begirada zabal eta aberasgarria izatea.
Hartu zure gonbidapena hemen: kulturaz.eus/agenda/hamabost-urte-hil-da-jenioa
Urriak 25, igandea | Ibil Bedi: pase irekia
Ibil Bedi taldea disko berriaren oholtzaratzea prestatzera heldu da Azpeitira, eta, Soreasu Antzokian egindako sormen egonaldian bi asteburu pasa ondotik, herriari nahi diote eskaini prestaturikoa. Kontzertua baino gehiago kontzertu saiakera izango da, entsegu irekia, simulakroa. Gustura asko jasoko dituzte ikusleen iruzkin, kritika eta iritziak bueltan. 12:30ean hasiko da kontzertu saiakera Soreasu Antzokian.
Hartu pase irekirako sarrera hemen: kulturaz.eus/agenda/hamabost-urte-ibil-bedi-pase-irekia
