Zabalik da 2026ko Arkupehotsak egitasmoaren izen ematea
Zer aurkituko dugu aurtengo edizioan?
2018an sortu zenetik, musika eta soinuaren inguruan sortzea, ikastea eta berau plazaratzea izan dira proiektuaren lan ildo nagusiak. Hori horrela, deialdian hautatutako taldeek, hasteko, Dinamoa sormen guneko soinuaren eremua erabiltzeko aukera izango dute, bertan entseatu eta zuzenekoa prestatzeko. Horrez gain, martxoaren 14a taldeen arteko topaketa-eguna izango da. Taldeek elkar ezagutu eta jakintzak elkarbanatzeko aukera izateaz gain, bi formakuntza saio jasoko dituzte: artistikoa eta teknikoa. Saio horiek izaera praktikoa izango dute. Saio teknikoa, esate baterako, musika talde profesional baten soinu-proban bertan gauzatuko da, zuzenean. Bestetik, tailer artistikoan gazteek formakuntza jasotzearekin batera, bidelagunaren aldetik sortzen ari diren abestien inguruko aholkularitza jasoko dute.
Aurtengo edizioko berrikuntzak
Azkenik, proiektuan parte hartu duten taldeek, emanaldi kolektiboa eskainiko dute 2026ko ekainaren 13an, urtero legez. Alabaina, aurtengo edizioarekin, pauso bat aurrera eman nahi izan dugu. Taldeak Arkupehotsak izenaren jatorrian dagoen arkupetik harago iritsiko dira: musikak herriko kaleak hartuko ditu. Hala, orain arte Sanagustin kulturgunean eskaini izan ohi den zuzeneko emanaldia Azpeitiko plaza nagusira eramango da 2026ko edizioan. Espazio zabalagoa eta publiko gehiagorengana heltzeko aukera eskainiko du horrek.
Talde edo bakarlari bakoitzak, gainera, 300 euro jasoko ditu zuzeneko kontzertuaren truke. Baita euren zuzenekoaren audio-grabaketa profesionala egiteko aukera ere. Grabazio horretatik abiatuta, parte-hartzaile bakoitzak bere gustuko abestiaren nahasketa jasoko du, etorkizunerako material baliagarri gisa. Horrez gain, Arkupehotsak ekimenetik talde irabazle bat aterako da eta horrek Sanagustin kulturguneko oholtza nagusia musika talde ezagunago batekin partekatzeko aukera izango du.
Informazio gehiago eta izen ematea: kulturaz.eus/proiektuak/arkupehotsak
