SORMEN EGONALDIAK 2025

Texto alternativo 1

OIER FERNANDEZ / LOREAK ETA LOREAK?

Aspaldian galdetu nion nire buruari zergatik margotzen ote nituen loreak... Gehienetan, beti ez esatearren. Zein da loreekin dudan lotura? Edo agian loreek nirekin dute lotura? Gehienetan loreak margotzen ditut, baina oraindik ez dakit zergaitik. Agian obsesioa ere bihurtzen ari da zergaitiaren bilaketa. Oier naiz eta 24 urte bete berri ditut, loreak margotzearekin obsesionatuta bizi naiz… Ez ditut loreak nire gelan, ez dakit loreak zaintzen, baina loreek betetzen dute nire iruditeria.

 
Texto alternativo 2

BEÑAT SARASOLA / BERNIZ SATINATUA

Berniz satinatua nouvelle proiektu bat da. Nobelak balizko maitasun harreman baten hastapenak kontatzen ditu, espazio itsu eta une anbiguoetan arakatuz. Kostako hiri zehaztugabe batean, surf-oholak zaharberritzen ditu gizon batek. Hirira iritsi berri den emakume bat tailerraren paretik igaro da txakurra pasiatzen, gizona surf-ohol bat bernizatzen ari dela. Irudi horretatik abiatuta bien arteko harremanaren urrats pausatu bakoitza narratuko da, denoi ezezaguna zaigun etorkizun baterantz.

ERIKA OLAIZOLA ETA XANTI AGIRREZABALA / KAKA

Sinopsia: Herriko plazan, kaka-mokordo bat agertu da. Kaka azaleratu da eta egoeraren analisia egin behar da. Nork egin du? Noiztik dago hor? Eta orain, zer egin kaka honekin? Noren ardura da? Nori tokatzen zaio marroi hau argitzea? Garbitzea? Kakak kaka dakar, eta pentsatzen jarrita... Mundua nolakoa litzateke, bakoitza bere kakaren jabe egingo balitz? Norbanako, kolektibo edo herri gisa batzen gaituen, baina ezkutatzen dugun horren guztiaren azaleratze-festa da KAKA.

Texto alternativo 1

KALEKO IZARRA / ZU-BIAK

Zu-Biak da Kaleko Izarra grafitiegileak dakarren proiektua. Kaleak eta museoak oso urrun egon dira beti. Bi mundu horien arteko dikotomia hausteko, euskal artista plastikoak abiapuntu gisa erabiliz, ikerketa bat egingo da, txantiloiak erabiliz aukeratutako artelan ezberdinen berrinterpretazioarekin amaituko dena. Helburua euskal artea gazteengana eta, oro har, herritar guztiengana hurbiltzea da.

Texto alternativo 2

AINHOA SUDUPE MENDINILLA / IPUI ONAC

Vicenta Mogelen “ipui onac” fabulen liburu bilduma berrikusi eta ilustrazioen bitartez gaur egungo problematikak lantzera bideratuko da. Emakumeen begiradatik ikertuko da batez ere bilduma hau, Euskal mitologiaren iruditeria eta beste zenbait ilustratzaileren lanak nahiz gaiari lotutako ikusentzunezkoak aintzat hartuta.

Texto alternativo 2

NAGORE TAMAYO GOÑI / NOLAKO ZURA. HILETA BAT INOZENTZIARI

Ama -bereagatik- negarrez ikustean heldutu nintzen, hezur ta haragizkoa zela ohartzean. Zimenduak ere apur daitezke. Behin berotu gintuenak ez gaitu betirako babestuko. Nola itzuli etxera? Dantza garaikidea, jotak eta sampleak biltzen ditu Nolako Zurak, ama-alaba harremanaren arrakaletatik inozentzia erail eta errealitateari pastel koloreak kenduz.

Argazki galeria

ARTEDRAMA + AXUT! / NOR NAIZEN BANEKIN

Antzezlanak antzoki baten indusketa arkeologiko bat kontatzen du. Arkeologoek eta adituek antzokiaren historia sekretua aztertzen dute, geruzaz geruza, erromatarren garaitik gaur egunera arte. Bi mila urtetan metatu diren gudu ezagunak, gai ez oso ezagunak eta trauma lurperatuak argitara emanez, ikuslea Inkisizioaren, Frantziako Iraultzaren, Karlistaden eta 1936ko gerlaren ikuspegietan murgilduko da, familia, jabetza, mugak, herentzia genetikoa eta indarkeria koloniala bezalako gaiak jorratzeko.

MARIA ALONSO DEL VAL + OIHANA ARANA CARDENAL / HJZ EDO AKABATU EGIN ZAITUGU?

Ahozko literatura oinarri duen formatu txikiko emanaldia da bikoteak dakarrena. Gure bizitzetan mitoek eta erritualek betetzen duten lekuaz pentsatzen ari dira ikuspegi transfeminista batetik. Mariren ezaugarriek gure ezaugarriekin topo non egiten duten modu artistikoan ikertzean datza beraien lana.

ANDER AZPIAZU ARREGUI / ISLADA BELTZ

Ander Azpiazuk afektu alternatiboen demokratizazioa eta unibertsalizazioa hizpide ditu bere lanean. Elementu antitetikoen lotura bilatzen du: amodioa/iluntasuna, afektua/anonimotasuna, publikoa/pribatua. Islada beltza proiektuan harremanak nola aldatu diren landuko du, filtroak, maskarak, gizartean botere dinamikan duten eragina esploratuz instalazio euskarria eguneroko moduan erabiliz.

BIGOTERIK GABEA ANTZERKI KULTUR GAZTE ELKARTEA / ERRAILAK

Gerra osteko Euskal Herrian, Bidasoako tren geltoki batean dena mugitzen da, baita sekretuak ere. Bi emakume dira geltokiko buru, garaiko arauak hautsiz. Misterioa, ezkutuko jokabideak eta iraganaren itzalak gurutzatuko dira, euskal kulturaren eta musikaren doinuekin lagunduta. Bidaia honetan ezer ez da dirudiena.

AIORA URBIETA EIZAGIRRE / AMALDA BIOBOTANIKA

Geure inguruan ditugun elementu naturalen behaketa egin eta horiekin esperimentazio prozesu baterako bidea irekitzea da ideia nagusia. Esperimentazio honetan, serigrafia eta xilografia teknikak erabiliko dira besteak beste, emaitza zehatz bat zein izango den jakin gabe.

Argazki galeria

TXESUS GARATE ETA JOSEBA AGIRREZABALAGA / SAIOA II

Esplorazio libreaz elikatutako denboraldi batean ostean, konposizioan nahi dugu murgildu denboraldi berri honetan, hau esanahiez hornituz. Tentsioa, dramatismoa eta xehetasuna sortzen lagunduko diguten premisekin egingo dugu lan sormen prozesu berri hauetan. SAIO IREKIA-ren bigarren parte honen helburua soinu sormenari ikuspegi berri bat ematea da, komunitate partehartzailea indartzen eta inspiratzen jarraitu ahal izateko.

Argazki galeria

GARAZI NAVAS ETA MAITE AIZPURUA / ADARBAKARRA

“Adarbakarra” euskal iruditegia, mitologia eta kultur erreferentziak ikuspegi queer- feminista eta garaikide batetik ikertzeko helburua duen sormen proiektua da. Maite Aizpuruak “Esnatze basa” ipuin luzea idazteko prozesuan sortutako testuetako batzuk eta Garazi Navasen musika garaikidearen gurutzaketa abiapuntu, performanze poetikoa eta kontzertuaren artean dagoen emanaldia sortuko dugu. Umorea eta olerkaritza, diziplina arteko esperimentazioa eta euskal topikoen gaineko gaurkotasunezko hausnarketak eta begiradak ikusgarri egitea dira proiektuaren ardatza, adarbakarraren munstroa erabiliz aitzakia poetiko gisa.

Argazki galeria