SORMEN EGONALDIAK

SORMEN EGONALDIAK
Sormen egonaldiek eremu ezberdinetako artistei baliabideak eskaini eta bidea egiten laguntzea dute helburu. Sortzaileek euren obrak sortzeko egonaldiak garatzen dituzte Dinamoa sormen gunean eta Soreasu Antzokian.

HARRI, ORRI, AR!

Garrantzitsua da guretzat sortzaileen jarduna babestea. Horretarako, Harri-Orri-Har izeneko programa bat dugu abian, urtean bi deialdi egiten ditugu, bi modalitate desberdin eskainiz: sormen egonaldi osoa eta sinplea.

Sormen egonaldi osoa

Edozein arte-diziplinatara irekia, bakarka zein kolektiboan asmo bati sormen prozesu sakon bat eskaini nahi dionarentzat.

Sormen egonaldi sinplea

Modu errazean sormen proiektu bati denbora, lekua eta baliabideak eskaini asmoz egonaldi malgu bat egin nahi dutenentzat.

 

2026KO SORMEN EGONALDIAK

1.Deialdiko hautatuak:

ANDREA BERBOIS LASPIUR

ANDREA BERBOIS

Terma, kokotsa. Zopa

Terma, kokotsa. ZOPA orainasten den ikerketa eta esperimentu bat da. Urteetan zehar soinuak eta pertsonaia ezberdinak biltzen joan eta gero, hauek ordenatzeko behar batetik jaio da. Ordenagailu guztiak beteta daude, disko gogorrak, armairuak, etxeak. Jada ez zait ezer gehiago sartzen. Dena ordenatu eta kanpoan ikusteko beharra daukat. Estiloak, instrumentuak, gestoak, harremanak, akordeak. Daukadan guztia zabaldu, nahasi eta forma bat emateko espazio bat aurkitu nahi dut. Nire kontzertua montatu eskeini ahal izateko.

ASIER ITULAIN

ASIER ITULAIN

Dolu paisaiak

Galera batek haustura dakar, zerbait kendu dizute. Zerbait falta da. Hutsa. Eta huts horretan bakarrik sentitzen zara. Zaurietatik, ordea, odola jario da. Gehitzen den zerbait. Zerbait berria, mingarria, baina gutxienez sendatze prozesu bat dakarrena. Bi kontzeptu hauen azterketan eta maitasun zein doluaren interpretazio grafikoetan zentratzen da proiektua.

AZAX

AZAX 

Hazia erein aurretik lurra ondu behar da

AZAX elektronika esperimentala euskal kultur ondarearekin uztartzen duen bikote azpeitiarra da. Sintetizadore eta trikitixaz, soinu berritzaileak dituen eta tekno melodikoan oinarritzen den diska bat plazaratzera doaz. Sormen-egonaldia zuzeneko indartsu eta berezia prestatzeko probestuko dute, eta irekita daude beste kultur-kolektiboekin elkarlanean aritzera. Norabidea galdu gabe bide berriak arakatuz…Tradizioa traizionatzen?

IGOR ELORTZA ETA RAFA RUEDA

IGOR ELORTZA ETA RAFA RUEDA 

Anomyme Popular #2

Inor ez, norbait eta nornahi da inor. Ahots bat, mundualdi zoro honetan egunerokoa idazten: “Aifon zaharberri beltz bat hartu dut, gaur, pakistadarrenean. Ea zer berri, sarera jo dut, handik irten naizenean. Nirea ere baden aldi hau bilatuz inorenean, scroll berean nahastu zait dena, ordea, desordenean: Williamsen gola; Gazako haurrak, olgetan misilen menpe; goi-bilera bat migrazioaz, barrezka lau presidente; publi pornoa; suteak Indian; bi meme adoleszente; eta katu bat, bosgarrenetik espaloira jausten tente”.

IÑIGO MARTINEZ PEÑA

IÑIGO MARTINEZ  Beti hasiera da

Proiektu honen izenburua paradoxikoa da, kontraesankorra: edo beti edo hasi, baina ezin dira biak batera gertatu. Hasi egin baldin bada, esan nahi du aurretik ez zegoela; betierekoa bada, berriz, ez dauka hasierarik, ezta amaierarik ere… Korapilo horren berri eman ziguten pentsalari presokratikoek. Betiereko galderak ote daude filosofiaren hasieran? Eta, zein ote da filosofiaren eta haurtzaroaren arteko harremana? Zeintzuk dira haurtzaroari buruzko egungo estereotipoak? Hortik abiatutako gogoetak idaztea dut helburu, nire seme-alaba txikiei entzundako hausnarketen laguntzarekin.

LAURA PENAGOS
Laura Penagos

Guaritxa

Ama batek hilabeteak daramatza alabaren berririk izan gabe, ez senitartekorik, ez lagunik, ez haren bikotekideak ez dakite non dagoen. Egun batean, bidaia bat egingo du alaba non dagoen jakiteko. Aurkituko al du? Guaritxa Kolonbian desagertutakoen ama bilatzaileei buruzko pieza performatibo-dokumentala da. Ama horiek Kolonbian desagertutako seme-alaben bila dabiltza

 2.Deialdiko hautatuak:

Areta Senosiain, Javier Larrañeta, Ibai Osinaga, Eder Escalera eta Amets Aranguren | Ibil bedi

Irunberri epizentro duen musika taldea dira, bost kidek osatzen dutena. Kantuen konposaketa eta grabaketa prozesuak bukatuta, diseinu eta produkzio lanetan daude sartuta uneotan burubelarri, baita bira berriko kontzertuak antolatzen ere. Egonaldiaren helburua kontzertua bera prestatzea da, Soreasu Antzokiak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatuz.

 

Aitzol Villahoz Prieto, Ismael Munuera Esquinas eta Ziggy Docherty Sánchez 

Nik bakarrik, berriz

Belaunaldi berriak ulertzen saiatzeko antzerkitik egiten duten apustua da. Bakarrizketa tragi-komiko honen bidez, Zuriñek bere bizitzaren kontrola berreskuratu nahi du nola edo hala. Azken aldian dena hankaz gora jarri da: lagunak urrundu egin dira, familiaren kritikak jasan behar ditu eta ezkontzear zegoela bere mutilak utzi egin du. Bere bizitza berria onartu ezinik, edozer gauza egiteko gai dela erakutsiko digu, aurreko bizitzara bueltatzeko. Honen guztiaren inguruan, geure antiheroiak identitate-krisi bat aurkezten digu umore garratzez eta euskarazko hizkera hurbilez.

 

Maite Gandia, Oier Agirre eta Álvaro González de Arrieta | Zuritu kolektiboa

Ia osoak, ia perfektuak

Mediku batek burmuin erdia daukala esan dio emakume bati. Berak berri txar bat bezala jaso beharrean, ikaragarri poztu eta lasaitu da. Azkenik bere bizitzak zentzua dauka, lortu ez duen guztiak azalpen bat dauka, txarto egindako guztiak zuribide bat. Osotzat hartu du bere bizitza. 

Zer da bizitza egokia? Eta bizitza perfektua? Eta, are gehiago, biak bateratu ditzakeen bizi osoa? Biziosoak izan behar dugu bizi osoa lortzeko? Bi lagun emakumearen historia kontatzen saiatuko dira, haiek ere bizi osoa lortzeko bidea aurkitu nahian.

 

Ainhoa Aldazabal Gallastegui  

Hamaika demonixo, hamaika erremedixo

Lynda barryren 'Mis cien demonios’ komiki collageak estimulatuta hasi zen Ainhoa demonixoak zerrendatzen. Krisi betean zegoen. Demonixoak bakarrik zerrendatzea ez dator bere nortasunarekin bat eta erremedixoak ere islatu nahi izan zituen. Collage pillo bat ditu erdi eginda eta amaitu gabe. Espiralean beste buelta bat hasi duenerako hitzak jarri beharra sentitu du... egonaldi honetan berbak aurkitu nahi ditu.

Demonixotzat hartu dituen galderak, zalantzak, beldurrak izendatzeko berbak. Oinarrizko hutsunea izendatzekoak.

Erremedixo direnak ere ekarriko ditu hitzekin, ordea. Ezinbestean.

 

Sua Enparantza, Xabi Solano, Ximun Fuchs eta Mikel Lizarribar |

Ez da entzuten SL

Aitaren hauspoa

Xabi trikitilaria da, aita langile eta trikitilari baten semea. Aitak transmititutako musikaren bidez, bere haurtzaroa, bere heziketa zorrotza eta bere arrakasta profesionala gogoratzen ditu, baina baita beldurrak, isiltasunak eta presioak ere. Aitaren heriotzak hutsune bat uzten du, eta hutsune horretan sortzen da galdera nagusia: zer egin orain transmisio horrekin? Musikaren, oroimenaren eta eguneroko bizitzaren artean, Aitaren hauspoa antzezlan intimo eta politikoa da aldi berean, galdera ikurrez idatzia, ahapeka kantatua eta trikitiaz isuria.

 

Garazi San Martin Boj, Samuel Quel

Barraskiloaren frekuentzia

Antzerki tradizionalaren frontalitatea hausten duen pieza-performance poetiko eta sentsoriala da. Entzumen-galerak eragindako inkomunikazioa eta gaur egungo gizartean hain zabaldua dagoen nahi gabeko isolamendua ditu ardatz. Soinu-loopen, ikus-entzunezko proiekzioen, poesiaren eta dantzaren bidez, lanak espiral formako unibertso bat eraikitzen du. Bertan, aktoreek beren hipoakusia lurralde eszeniko gisa zeharkatzen dute, ahozko hizkuntzaren ezegonkortasunetik abiatuta harreman modu sentsorialago eta intuitiboago bat sortuz. Helburua ez da inkomunikazioa konpontzea, bertan bizitzea eta ikuslea esperientzia kolektibo horretara hurbiltzea baizik.

 

Ainhoa Alberdi Gisasola 

Ispilua zeharkatuz

Erotzat hartu gintuzten. Hainbat emakumek historian zehar eta batez ere gerra ostean bizitako errealitate krudela. Beraiek gutako askoren amonak izan ziren. Memoria honek gure gorputzean darrai. 

-Dantzatu dezagun Alizia. 

-Erotzat hartuko gaituzte. 

-Ezagutzen duzu izaki zentzudun zoriontsurik? 

-Arrazoi duzu, dantzatu dezagun Untxi jauna.

 

Uxue Ruiz de Arkaute

Engaiamendu

Zergatik irudikatzen dugu paisaia berdea, hartaz pentsatzen dugunean? Zergatik agertzen da beti giza eskalatik begiztatzeko moduko zerbait bezala, zuhaitz hostotsuekin eta zeru garbiekin? Zergatik tematzen da mendebaldeko iruditeriako paisaia behin eta berriz errepikatzearekin? Eta zergatik finkatu da berde gisa, halaber, Euskal Herriari lotutako paisaia? Engaiamendu galdera horien artean kokatzen den sormen prozesua da.

AURREKO URTEKO SORKUNTZA BEKAK

 

2025

2024

2023