SORMEN EGONALDIAK 2026
ANDREA BERBOIS LASPIUR / TERMA, KOKOTSA. ZOPA.
Terma, kokotsa. ZOPA orain hasten den ikerketa eta esperimentu bat da. Urteetan zehar soinuak eta pertsonaia ezberdinak biltzen joan eta gero, hauek ordenatzeko behar batetik jaio da. Ordenagailu guztiak beteta daude, disko gogorrak, armairuak, etxeak. Jada ez zait ezer gehiago sartzen. Dena ordenatu eta kanpoan ikusteko beharra daukat. Estiloak, instrumentuak, gestoak, harremanak, akordeak. Daukadan guztia zabaldu, nahasi eta forma bat emateko espazio bat aurkitu nahi dut. Nire kontzertua montatu eskeini ahal izateko.
ASIER ITULAIN / ZAURIA(K) - HAUSTURA(K)
Galera batek haustura dakar, zerbait kendu dizute. Zerbait falta da. Hutsa. Eta huts horretan bakarrik sentitzen zara. Zaurietatik, ordea, odola jario da. Gehitzen den zerbait. Zerbait berria, mingarria, baina gutxienez sendatze prozesu bat dakarrena. Bi kontzeptu hauen azterketan eta maitasun zein doluaren interpretazio grafikoetan zentratzen da proiektua.
AZAX / Hazia erein aurretik lurra ondu behar da | bi aza
AZAX elektronika esperimentala euskal kultur ondarearekin uztartzen duen bikote azpeitiarra da. Sintetizadore eta trikitixaz, soinu berritzaileak dituen eta tekno melodikoan oinarritzen den diska bat plazaratzera doaz. Sormen-egonaldia zuzeneko indartsu eta berezia prestatzeko probestuko dute, eta irekita daude beste kultur-kolektiboekin elkarlanean aritzera. Norabidea galdu gabe bide berriak arakatuz…Tradizioa traizionatzen?
IGOR ELORTZA ETA RAFA RUEDA / Anomyme Popular #2 | Inor
Inor ez, norbait eta nornahi da inor. Ahots bat, mundualdi zoro honetan egunerokoa idazten: “Aifon zaharberri beltz bat hartu dut, gaur, pakistadarrenean. Ea zer berri, sarera jo dut, handik irten naizenean. Nirea ere baden aldi hau bilatuz inorenean, scroll berean nahastu zait dena, ordea, desordenean: Williamsen gola; Gazako haurrak, olgetan misilen menpe; goi-bilera bat migrazioaz, barrezka lau presidente; publi pornoa; suteak Indian; bi meme adoleszente; eta katu bat, bosgarrenetik espaloira jausten tente”.
IÑIGO MARTINEZ | BETI HASIERA DA
Proiektu honen izenburua paradoxikoa da, kontraesankorra: edo beti edo hasi, baina ezin dira biak batera gertatu. Hasi egin baldin bada, esan nahi du aurretik ez zegoela; betierekoa bada, berriz, ez dauka hasierarik, ezta amaierarik ere… Korapilo horren berri eman ziguten pentsalari presokratikoek. Betiereko galderak ote daude filosofiaren hasieran? Eta, zein ote da filosofiaren eta haurtzaroaren arteko harremana? Zeintzuk dira haurtzaroari buruzko egungo estereotipoak? Hortik abiatutako gogoetak idaztea dut helburu, nire seme-alaba txikiei entzundako hausnarketen laguntzarekin.
LAURA PENAGOS | GUARITXA
Ama batek hilabeteak daramatza alabaren berririk izan gabe, ez senitartekorik, ez lagunik, ez haren bikotekideak ez dakite non dagoen. Egun batean, bidaia bat egingo du alaba non dagoen jakiteko. Aurkituko duzu? Guaritxa Kolonbian desagertutakoen ama bilatzaileei buruzko pieza performatibo-dokumentala da. Ama horiek Kolonbian desagertutako seme-alaben bila dabiltza.
