HITZA

Hitza egiten da idatzi, entzun, xuxurlatu, oihukatu, sentitu eta, ausartzen naiz esatera, baita dastatu ere. Ukitu, ordea, ezin da ukitu. Gela oso bat har dezake hitz batek, baina ikusi ere, nekez ikusiko duzu. Akaso, horregatik, kosta egiten zaigu ulertzea nola gorpuzten den, non lur hartzen duen hitzak. Literaturari eta idazketari loturiko mendebaldeko iruditegiak ere, ez dio mesede egiten honi. Hitza ideien munduan, zerutik gertu eta lurretik urrun irudikatu ohi dugu. Eta zerutik gertu, ez da ondo egoten, dio kantuak. Hitzak, lokatza eta gorputza ditu mesede.
Esateko Idatzi zikloa hitza lurrera ekartzeko helburuz sortu da. Hitzak izan ditzaketen aldaera zehatzetara ekartzeko saiakera bat. Praktikara bideratuta. Esateko idatziko dugu. Zer esateko? Nahi duguna, nahi adina. Luzea da oso aldaera posibleen zerrenda. Istorioak kontatzeko, poemak sortzeko, komikiak egiteko, antzezteko,ikus-entzunezkoak sortzeko, irudiak laguntzeko, beste hizkuntzetakoa gurera ekartzeko, norbere gogoetak aurkezteko, aldarrikapen kolektiboetarako... Asko dugu esateko. Esateko Idatziz zikloak aldaera horiek esploratzeko balioko du, praktikara zuzenduriko tailer intentsibo sorta batekin.
HELBURUAK
- Hitzaren erabilera praktikara bideratu eta eskaintzen dituen aukerak esploratzea.
- Formatu eta jarduera desberdinetan formatzea eta erregistro anitzak ezagutzea.
- Hitzaren bueltako komunitate bat sortzea.
- Sorkuntza kolektiboa bultzatzea.
- Proiektu berriak plazaratzeko aukerak bideratzea.
- Literatura eta idazketari loturiko esterotipoak hautsi eta horiek sor ditzaketen konplexuak lantzea.
- Formatu desberdinak esploratzea: eleberria, poesia, fanzinea, gidoia, bakarrizketak, album ilustratuak...
- Hitzaren eta beste diziplinen arteko elkarlana bultzatzea, adibidez, hitza eta
irudia. Grafiaz Betea proiektuarekin uztartuko dira hainbat saio. Bi komunitateak
elkarrekin harremanetan jartzeko aukera eman dezake honek.
I. EDIZIOA: 2025 -2026
